Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Esteban eliza eta Berraiartzabitartea etxearen artean, ikusmira zabaleko eta malda leuneko gain batean aurkitzen da. Planta errektangularreko eraikuntza da, harlandu eta manposteriaz egina, eta bi solairu eta ganbara ditu. Hegoaldera orientatua dagoen aurrealde edo fatxada nagusiak zurezko habe eta soliboak ditu.

Gaur egungo eraikuntza XVI. mendekoa da. Aldaketa handiak izan arren, oraindik mantentzen ditu aipatutako garaiko zenbait elementu, habeak eta soliboak esaterako. Orain dela urte gutxi, eraberritu egin zuten berriz ere zurezko egiturekin. Berraiartzagoiena Aginagako Komunitateko partaidea da.

XV. mendearen bukaeran aurreneko aldiz aipatua da etxe honen izena. Izan ere, ezagutzen den Usurbilgo lehenengo erroldan, 1499koan, Luis Murugarren historialariaren arabera, Juan de Varrayarza de Suso izena zuen pertsona bat agertzen da,. 1573an, Jeronimo de Berreyarça zen Berreyarça de Suso etxearen jabea. Geroago, 1597an, Joanes de Berrayarza aipatzen da Zubietako Joanes de Aizpuruaren kontratu batean fidatzaile gisa.

1598an, bestalde, Berrayarza Garaicoa deitutako etxea, eta bere jabea Juanes de Echeberria Berrayarza aipatzen dira berriz; Joanes de Aizpuruak ez baitzuen kontratua bete, eta fidatzaileari behiak, garia eta etxeko ondasun guztiak kendu zizkioten. Geroago, 1615ean, Juanes Echeberria de Berrayarzak Zubietako Alemandegizarreko etxeko kontratuen trasladoa eskatu zuen. Herentzian hartuko zuen seguru asko.

1625ean Lope Martinez de Isastik, Usurbilgo Urdaiagan kokatutako Berreiarza izeneko hiru oinetxeri egiten die erreferentzia. Horietako bat Berraiartza Goiena da.

Bestalde, 1642an Berraiartzagoiena etxeak dukat bat eman zuen erregearentzat, "donativo graçiosso" delakoa, Batzar Nagusien agindua betez.

1727 inguruan, Nicolas de Guilisasti aipatzen da, Gilisastin eta Berraiartzagoienan aingurak egiteko sutegiak jarri zituztela eta. Juan Fermin de Guilisasti olagizon entzutetsuaren anaia izango zen beharbada, eta seguru asko Berreiartzagoienaren jabea. Manuel Lekuonak dioenez, 1767an, jabea Domingo de Lertxundi zen.

1864an, "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" zerrendan "Berreiza Goena" baserria aipatzen da udaletxetik 1.300 metrora.

XX. mendearen hasieran, dirudienez, Makazaga deitura zuen batena zen. Bertan Brigida Makazaga bizi zen, etxeko alaba, Jose Lopez Arnaiz bere senarrarekin. Bi seme izan zituzten, Jose eta Fernando. Geroago, Brigida hil eta denbora gutxira, Jose berriro ezkondu zen, Rosario Cuevas 21 urteko gaztearekin, eta beste hiru seme-alaba jaio ziren Berraiartzagoienan: Roberto, Rosario eta Irene. Neskamea bazuten, eta Brigidaren ahizpa ezkongaia ere bertan bizi zen. Azkenik, familia hau Bartzelonara joan zen bizitzera.

1925 inguruan, Patrinea etxetik Añorga familia etorri zen bizitzera maizter, Kandido Añorga eta Faustina Goenaga senar-emazteak alegia, Altunanean jaiotakoa bata eta Erreroanean bestea. Hiru alaba eta seme bat zituzten: Maria Mercedes, Maria Dolores, Rosario eta Antonio, azken hau Berraiartzagoienan jaioa. Kandido Añorga Usurbilgo epailea zen garai hartan.

Zazpi urte pasa ondoren, baserri honetatik bidali egin zituzten, Kandidok lursail batzuk subarrendatu edo errentan eman baitzituen jabeen baimenik gabe.

1934an, baserria saldu egin zen. Jabeek 60.000 pezeta eskatu omen zituzten. Eroslea, Joxe Mari Segurola oriotarra zen, ordura arte arrantzale izandakoa. Haren emaztea Dolores Salsamendi zen, Aginagako Arburukoa. Familia hau, lehenago, Aitzmurgil baserrian bizi izan zen maizter.

Joxe Marik automobila zuenez, berak eramaten zituen egunero auzoko baserritarrak Donostiako San Martin eta Bretxako merkatuetara. Gaur, Joxe Antonio Segurola, Joxe Mariren biloba, da baserriaren jabe, eta baserriaren ustiaketa berak eramaten du aurrera. Hamabi larre-behi ditu baserriko belardietan.

Baserriaren lotutako argazkiak: