Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Esteban elizatik hegomendebalera, Erroizpeko erreka eta Txokoalde auzunera doan herribidearen ondoan aurkitzen da. XV. edo XVI. mendean ditu Gilisasti oinetxeak bere hastapenak. Gilisasti edo Gilisagasti abizenak etxe honetan eta Asteasun dagoen izen bereko beste batean du bere jatorria.

XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan agertzen dira Gilisasti etxearen erreferentziak. 1566an, esaterako, Joanes de Guilisasti Aginagako Gilisastiko semeak Donostian auzotasuna zuela badakigu. 1573an aipatutako Joanes de Guilisasti zen oinetxe honetako nagusia. 1598an, berriz, Domingo de Guilisasti izena agertzen da auzi batean, Usurbilen 36 urteko errotaria zela. Asteasuainerrotan, Aizpuruko errotan, Lasarten eta Errotazarran lana egina zen.

1615ean, Joseph de Guilisasti eta Francisco de Guilisasti San Salbatore parrokiako elizkide ziren, bertan konfirmatu zituzten.

Lope Martinez de Isastik, bestalde, 1625ean, Urdaiagan kokatutako "Guillisasti" oinetxea aipatzen du.

1648an, Francisca de Celayandia zen jabea. Joanes de Ayalderen alarguna zen. Joanes, Elena eta Maria ziren seme-alabak. Garai hartan, etxean sutegi bat zegoen.

Joanes de Guilisasti, Urdaiagako Gilisasti oinetxeko semea, 1622an jaio zen. 1642an, dukat erdi bat eman zuen erregearentzat "donativo graçiosso" gisa. Geroago, 1650ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari edo prokuradore izan zen. 1674an, berriro aipatutzen da zenbait auzitan lekuko Usurbilgo zinpeko eta sindiko gisa.

1703an, Joanes de Guilisasti izan zen Zubietako Irigoiengo Martin de Zatarainen kaparetasun eskaeran lekuko.

1704an Aginagan Miguel de Guilisasti bizi zen, 1672an jaioa. Lekuko gisa agertzen da auzi batean. Auzi berean, Martin de Guilisasti izenekoa ere agertzen da; 1644an jaioa zen, eta Usurbilgo Troia baserrian bizi zen.

1729an, aldiz, Nicolas de Guilisasti aipatzen da. San Esteban ermitako ur bedeinkatuaren ontzia bere emaitza da. Horrek aingurak egiteko sutegia jarri zuen Gilisastin. Aiako Arrazubiko olan bizi zen, dirudienez. Beharbada, aipatutako Juan Fermin de Guilisastiren anaia zen.

1730ean Jose eta Manuel de Guilisasti anaiek kaparetasuna frogatu zuten Usurbilen. 1737an, bestalde, Juan Antonio de Guillisasti preso hartu zuten Zubietan, bere anaiarekin batera hilketa bat egin zuelakoan salatu zutenez. Zubietako Irigoien etxeko jabea zen Juan de Zatarainek atxilotu zuen, eta Donostiako kartzelara eraman. 1796an, azkenik, Manuel de Iturralde agertzen da auzi batean lekuko Zubietan, 40 urte zituela. Seguru asko, Gilisastiko semea izango zen.

Badirudi Urdaiagako oinetxe honetan zuela bere jatorria Juan Fermin de Guilisasti XVIII. mendeko olagizon ezagunak. Juan Fermin aiarra zen jaiotzez, eta Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarrak ordaindua, espioitza industriala egitera joan zen Holandara. Handik ekarri zituen harri-ikatza oletan erretzeko eta aingurak egiteko teknika berriak. 1739an, Aiako Arrazubian burdinola berri bat eraiki zuen. Dirudienez, Holandan Gilisastiren espiatzearen berri jakin zutenean, bi ekintzaile bidali zituzten handik Aiara Juan Fermin hiltzeko, baina honek jakin zuenean, ezkutatu egin zen, eta bi ekintzaileek alde egin behar izan zuten beren lurrera.

Gilisasti oinetxea eta bere sutegia Saroe jauregiko Ignacio de Soroa kapitainak erosi zuen, XVII. mendearen erdi aldera. 1689an sortu zuen lokarrian agertzen da oinetxe hau: "La cassa solar de Guilisasti que yo compre sitta en la Comunidad de Aguinaga jurisdicion dela dha Villa de Usurbil con su fragoa, guertta, manzanales, tierras sembradias y valdias, montes y demas pertenecido...". Gaur, Gilisastin bizi diren familiek diote baserri honek armarria bazuela, eta Saroe jauregira eraman zutela. Aginagako Komunitateko partaidea da. Garai batean, eskola izan zen Gilisasti: Urdaiagako baserrietako haurrak baserri honetara etortzen ziren ikastera.

1864ko "Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa zerrendan", "Guilisagasti" izeneko baserria aipatzen da. Ordurako bi etxebizitza zituen, eta Guilisasti Mayor deitzen zaio dokumentuetan iparraldeko zatiari, eta Guilisasti Menor hegoaldekoari. Baserria orain dela 60 bat urte eraberritua izan zen oso-osorik. Azkenik, 1985ean, Gilisastitxiki bota eta eraikuntza berri bat egin zuten, beti ere baserri zaharraren planta berdina errespetatuz. Gilisastiaundik mantentzen du XVI. mendeko soliboren bat edo beste. 13,5 x 17 metro neurtzen du, eta Gilisastitxikik berriz, 9,5 x 17 metro. Azken honi "Mantsonia" deitzen zaio.

Gilisastiaundi Usaskueko Frantzisko Iruretagoiena Aldabalde eta Katalina Bereziartua (berrobitarra) senar-emazteek erosi zuten, Iturraldetarrekin batera. Gaur, Santos Iruretagoiena Bereziartua semea bizi da bertan iloba batekin. Ez dute abererik, orain dela lau urte kendu zituzten behiak eta; lehen hamar edo hamabi abelburu izaten zituzten.

Gilisastitxikiko Iturralde familia bertakoa da sortzez, eta baserria Saroe jauregiko ondorengoei erosi zien, 1934ko eskrituretan azaltzen den bezala: "Federico Zappino y Barcaiztegui como apoderado de Maria del Pilar Zappino y Barcaiztegui venden a Jose Antonio Iturralde y Arruti el 21 de noviembre de 1934... 17.000 pesetas.". Gilisastiaundi saldu zen garai berean 22.000 pezetatan.

Gilisastitxikin esne behiak zituzten, eta Bittori Iribar etxekoandreak eta beste etxeko Katalina Bereziartuak Donostiara eramaten zuten egunero esnea. Bakoitza bere astoarekin jaisten zen Txokoaldeko geltokira, zesterak hartuta. Gurelesa sortu zenean, 1959ean, utzi zioten Bittorik eta Katalinak Donostiara "tratua" eramateari. Gilisastitxikin, orain, larre-behiak dituzte bazterrak garbi mantentzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: