Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Etxe hau Txokoaldetik hego-mendebalera dago, hegi ospel batean, Illunbe baserriaren goialdean. Planta errektangularreko eraikuntza da; hormak harriz eta manposteriaz eginak, eta bi solairu eta ganbara ditu. Iparrekialdera begira dagoen fatxada nagusiak, zur bilbapenak ditu lehenengo solairuan eta ganbaran. Aurrealdea ikusgarria da, oso erregularra eta simetrikoa. Barruko egitura, osorik zurezkoa, sei habe osoren gainean altxatzen da, proportzionatua eta simetrikoa. Eraiki zen garaiko dolare baten loturak mantentzen ditu. XVII. mendearen erdi aldera eraikitako baserri eder eta bikaina da.

Saroe Jauregiko jabegoa zen. Ignacio de Soroa kapitainak aipatzen du 1689an sortu zuen lokarrian: "La cassa y casseria de Iparraguirre con sus manzanales, tierras de sembrar, montes y demas pertenecido sitta en jurisdicion dela dha Villa...".

1864ko "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" zerrendan familia bakarreko baserria zen Iparragirre, udaletxetik 2.400 metrora kokatua.

Seguru asko, 1911n, Saroeko ondasunak zatitu zirenean, Iparragirre Luisa Lopez de Samaniego Soroaren jabegoetara pasako zen. Honek badirudi Urdaiagatorreko Zatarain familiari saldu ziola. Maizterrak bizi ziren, eta jabe berriekin ere jarraitu zuten bizitzen.

Anbrosio Zatarain jabeak eraberritu egin zuen, eta 1960 hamarkadatik udako egoitza gisa erabiltzen du familiak. Lehen, Iruretagoiena familia bizitu zen, Juan eta Dolores aita-amak, eta Joxe Agustin eta Pantxika seme-alabak. Etxea eraberritu zenean, kalera joan ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: