Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Txokoalde auzunearen erdigunean, Irigoindegi eta Simonenea artean dago Portu baserria, mendebaldetik erantsia gaur hutsa dagoen Portuberri etxea aurkitzen da. Aipatutako auzunearen izena, lehen, "Portua" zen, hau da, Urdaiagako portua.

1893ko Irisasi eta Andatza mendietako plano batean "Caserio del Puerto" deitzen zaio Urdaiagako Txokoa edo Txokoalde osatzen duen etxe eta baserri multzo guztiari.

Baserriak 17,50 x 10 metro neurtzen duen planta errektangularra, bi solairu eta ganbara ditu, eta bi ur-isuritako teilatua. Hegoaldeko fatxada nagusiak zur bakan batzuk ditu bilbapen gisa. Gaur Portu baserriaren barruko egitura hormigoizkoa da, zurezko egitura zaharrak aspaldi galdu baitzituen. Antza denez, XIX. mendeko baserri arrunt baten itxura izan arren, Portu oso antzinako oinetxe bat da.

Luis Murugarren historialariak, 1499ko Usurbilgo lehenengo erroldan aipatzen du "que somos la maior e mas sana parte de los vezinos e moradores de la dicha villa e su tierra de Aguinaga". Errolda horretan, beste batzuen artean, "Domingo del Puerto" delako jaun bat agertzen da.

Litekeena da, garai batean, etxe hau Urdaiagako jauregiaren menpe egon izana, eta horien portua izatea, alak eta gabarrak kargatzeko. Portu baserria ez da Aginagako Komunitateko partaide, baina betidanik Irisasiko aprobetxamenduetan aipatutako komunitatearen eskubide berak ditu.

Etxe honi buruzko antzinako erreferentzia gehiago ere badago: 1564, 1565 eta 1587 urteetan, Juanes de Portu izeneko bat izan zen Usurbilgo ordezkari edo prokuradore Gipuzkoako Batzar Nagusietan. 1566an, aldiz, Martin de Puerto zirujauak, Aginagako Portu etxeko ondorengoa zenak, auzotasuna zuen Donostian.

1615ean, Sebastian de Portu San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatu zuten.

1641ean, Juan Beltran de Portu y Aguirrek Santiago Ordeneko Zaldunak, kaparetasuna frogatu zuen Zarautzen. Seguru asko, Urdaiagako Portuko ondorengo bat zen. Hurrengo urtean, 1642an, Portuk dukat bat eman zuen erregearentzat, horrela Gipuzkoako Batzar Nagusien agindua betez. Bestalde, 1666an, Miguel de Portu izenekoa Zubietako auzokide zen. Geroago, 1673an, Miguel de Portu izena aipatzen da berriz, seguru asko bere anaia zen Nicolas de Porturekin batera. Azken hori ere Zubietako auzokidea zen.

Saroe Jauregiko jabeak, Ignacio Soroa kapitainak, Portu erosi zion Juan del Puerto baserriko jabeari, XVII. mendeko bigarren erdian. Soroak 1689an sortu zuen lokarrian horrela aitortzen du. 1911n, Saroeko ondasunak zatitu zirenean, Portu oinetxea Luisa Lopez de Samaniego Soroa eta bere senarra zen Federico Zappinoren eskuetara pasa zen. Azken horien ondorengoek saldu zuten baserria 1935 inguruan.

Bertan Kamino sendia bizi da. Badirudi Kamino abizena baserri honetatik zabaldu dela Usurbilen. Gaur, baserriko jabeak diren Joxe Mari Kamino, bertako semea, eta Agerreko Maria Jesus Alkorta senar-emazteak bizi dira beren senitartekoekin. Bospasei esne behi dituzte. Gainera, txahal batzuk ere hazten dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: