Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Estebango elizatik hegoaldera eta Andatzako gainaren iparrekialdera dago Puelaberri, Puelazarra dagoen mendi-bizkar altu berean. Usurbilen altuen dagoen baserria da, itsaso-mailatik 285 metrora, alegia.

Puelaberri saroe batean eraikitako baserria da, artzaina eta bere familiarentzat bizilekua izateko.

1864ko "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" zerrendan "Puela Nuevo" baserria agertzen da. Hiru solairuko eraikuntza zen. Badirudi, etxe zahar hura abandonatua gelditu zela, eta gaur Puelaberri izenarekin ezagutzen den etxea eraiki zela. Puelaberri zahar haren hondakinak gaur oraindik hor daude, baserritik 130 metro iparrekialdera.

Pedro Manuel Altuna artzaina, Amezketako Zurutuza baserriko semea, artzain etorri Usurbila, eta Atxeganea erosi eta bertan jarri zen bizitzen. Aiako Landarbidezarreko Maria Agoterekin ezkondu zen. Puelaberri berek eraiki zuten 1910ean eta 60 ardiko artaldea han edukitzen zuten. Hiru edo lau behi ere izaten ziren.

Pedro Manuel eta Maria senar-emazteak Atxeganean bizi ziren, eta egunero igotzen ziren Puelaberrira. Beren alaba bat, Juana, egunero joaten zen ogia eramatera. Inbidiaz edo ezin ikusi batengatik Puelaberri nahita erre zuten 1950 aldean, Inozente egunez, abenduaren 28an alegia. Amezketatik ekarri berriak ziren 80 ardi han kiskali ziren baserriarekin batera. Pellok eta bere emazteak, hala ere, aurrera egin zuten, eta baserria berriro ere altxatu. Juana alaba, berriz, ezkondu egin zen, Amezketako Zurutuza baserriko (aitaren baserria zen) seme batekin, Santiago Zabala San Sebastianekin. 1912an jaioa zen. Santi artzaina zen lanbidez, eta bere emazte gaztearekin 160 ardiko artaldea jarri zuen Puelaberrin.

1956ko neguan izugarrizko izotzaldia izan zela kontatzen du Juana Altunak, Santi zenaren emazteak, otsaila guztia izoztua pasa zuela. Irisasiko pinudi guztiak erre zituen izotzak. Erretako dena bota, eta ostera pinua sartu zuten. Orduan, Santiago artzainari Irisasiko larreetan artaldearekin ibiltzea debekatu egin zioten, eta azkenean, ardiak kendu behar izan zituen.

Santik, Atxeganea bere etxea eduki arren, beti Puelaberrin bizitzea zuen gustuko, eta bertan bizi zen ardiak lagun zituela.

Andatzara bisita egiterakoan, bueltan jende asko gelditzen zen harekin hitz egiten, eta beti izaten zuen kafea, ardoa edo garagardoa eskaintzeko. "Hor beheko eromen hortan baino hobeto natxiok hemen!" esaten zuen beti. 1996an hil zen.

Puelaberri Zubietako Irigoien baserriko Joxe Ignazio Astiazaranek erosi zuen 1994an, eta osorik berritu eta egokitzen ari da.

Baserriaren lotutako argazkiak: