Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Txokoalde auzunean, Oriako erriberen gainean, bizkar batean ageri-agerian, aurkitzen zen dorre hau. Urdaiaga jauregiarekin (gaur, baserria) nahastu izan da. Gaur, Zatarain familiaren egoitza, dorre zaharra zegoen orube berean egina dago, dorre zaharreko arku bat mantentzen duela.

Gonzalo Manso de Zuñiga historialariaren artikulu batean, "Usurbil 1371-1971" liburuan, agertzen da Enrike IV.a Gaztelako erregeak, 1465ean, ahaide nagusien dorreak botatzea agindu zuenean, Urdaiagakoak ere bide bera jarraitu zuela. Baina handik gutxira berreraiki egin zuten, beharbada XV. mendearen bukaeran, bere egiturak erakusten duenez. Garai lasaiagoak ziren haiek. Oso dorre ederra zen, karratua eta garapen eskasekoa, sarrera bakarra zuen puntu erdiko arkudun ate batetik; leiho trilobulatuak zituen ekialdera begira, aurrealde nagusian. Etxearen iparraldeko erdia, garaiko bereko dolare handi batek betetzen zuen, eta upelategia ere bazuen.

Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan, 1499koan, Juan Ochoa de Urdayaga izeneko jaun bat azaltzen da. Seguru asko, Urdaiagako Torreko -edo bestela Jauregiko- semea zen.

Urdaiagako dorrea XV. mendeko eraikuntza zen, izan ere 1532an agertzen da lehen aldiz bere erreferentzia, "Urdayaga Torre" izenarekin.

1584an, Urdaiagako dorrea Catalina de Celayandiarena zen, seguru asko "Iguindequi" (Irigoindegi) etxean jaioa. Juan Carlos de Guerra historialariaren arabera, Zelaiandia familiaren zati bat, beharbada, Txikierdi auzuneko Zelaiaundi oinetxeko ondorengoak zirenak, Urdaiagako Irigoindegi etxean jaioak ziren.

1625ean, bestalde, Lope Martinez de Isastik "Torre" oinetxea aipatzen du Urdaiagan.

Aspaldi, baserri edo nekazaritza etxe bihurtu zen dorre hau, eta honela iraun zuen XX. mendean sartu arte; 1927an, Anbrosio Zatarain jabeak dorre zaharra bota, eta bera bizitzeko etxe eder bat eraiki zuen arte. Lorategia, gaur baratze gisa erabiltzen dena, Alfredo de la Peña Ducasse lorazainak egin zuen.

1679an eta 1681ean, Juan Martinez de Irarreta Zubiaurre, Usurbilgo Torrea oinetxeko jabea, Usurbilgo alkateordea zen. Beste ondasunen artean, Zubietako Kamio baserria ere berea zen. Emaztea, berriz, Maria de Berridi zuen. Saltxipi baserriko Maria de Chipitoren suhia zen, eta elkarrekin bizi ziren dorrean. Irarretak Zubietako Komunitatearekin auzi luzea izan zuen Kamio etxea zela eta. Izan ere, Urdaiagatorrean zuen auzotasuna Zubietako Kamio baserrian ukatu egiten zioten. Auzia Zubietako Komunitateak irabazi zuen.

Geroago, XVIII. mendean, Donostiako Artazkoz familiarena izan zen. Hauek Oiartzunen oinetxea zuten Urdinola sendiarekin lotu zirenetik. Beharbada, Urdinolatarrena izan zen Torrea lehenagotik.

1804an, Irisasiko jabeek, hau da, Orreagako kalonjeek, beren propietateen administratzaile izendatu zuten Jose Antonio de Zatarain, ordu arte Irisasiko basozaina zena. Aipatutako urte horretan Illunben bizi zen, baina badirudi, garai berean Torrea baserria erosi, eta bizitzera hara joan zela. Urte batzuk lehenago, 1796an hain zuzen, Jose Antonio de Zatarainek eta bere ezkontideak kaparetasuna frogatu zuten Usurbilen. 1855ean, aldiz, Jose Maria de Zatarain zen Irisasiko administratzaile eta Torrea etxeko jabea.

1890ean, Juan Aranburu Baraibar bizi zen Torrean maizter edo morroi gisa. Dirudienez, 1913an, Tiburzio Zatarain zen Urdaiagako Torreko nagusia. Eta 1916an, azkenik, Anbrosio Zatarain agertzen da Torreko jabe gisa.

1936-1939 urteetako gerraren ondoren, Anbrosio eta bere familiak jauregia utzi behar izan zuten, estatuak bere administraziopean hartu baitzuen, eta "Auxilio Social" deitzen zen erakundeko haurren egoitza jarri baitzuen bertan. Gisa horretan hainbat urte pasatu ondoren, Anbrosioren familia Torrera itzuli zen. Izen bereko Anbrosioren seme batek hartu zuen oinordekotza.

Gaur egun ez da Urdaiagatorrean inor bizi, udako egoitza gisa erabiltzen baita.

Baserriaren lotutako argazkiak: