Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Esteban elizatik hurbil dago, mendebalera. 1625ean, Lope Martinez de Isastik "Hoa Urtia" oinetxea aipatzen du Urdaiagan. Etxe honetaz ari dela dirudi, baina gaur egun, Urtineak ez du mantentzen antza denez izango zen oinetxe zahar haren aztarnarik. Egun, bi solairu eta ganbara dituen manposteriaz egindako etxea da. Barruko egiturak ere hormigoizkoak dira. Badirudi etxe zaharra XIX. mendearen bigarren erdian erre zela.

1855ean, Domenica de Aliri andrea zen Urtinea baserria eta lurren jabea. Jose Jeronimo Maiz seme apaizari eskaintza gisa eman zion baserria, lurrekin batera. Geroago, XX. mendearen hasieran, Usurbilgo Galparsoro familia zen Urtineko jabea. Gorriti familia bizi zen baserrian maizter, eta horrek alde egin zuenean, 1910ean, Joxe Arrospide Oiarzabal eta Josefa Usabiaga Iza senar-emazteak etorri ziren. Joxe Hernaniko Sorgintxulo baserrikoa zen, eta Josefa, berriz, Goierriko Itsaso herrikoa, eta Orian bizitu ziren ordu arte. Joxe, Brunet oihal fabrika handiko lorazaina zen. Gauzak horrela, Urtinean behiak jarri zituzten, baita loreak ere. Baserriko lanaz gain, Berraiartzabitarteko lorazain lana egiten zuen Joxek, lehenengo Ana Maria Dorrego Romeroren alargunarentzat, eta ondoren, sendategiko Larrea eta Bidarte medikuentzat.

1945ean, Arrospide familiak Galparsorori Urtinea erosi egin zion, baserria bera eta 40.000 metro lur, 35.000 pezeta ordainduz. Joxe jabeak seme Reginorekin tabakoa jarri zuen baratzean, gero tabako landarea saltzeko.

Regino Gilisastitxikiko alaba zen Juliana Iturralderekin ezkondu zen, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Regino eta Juliana senar-emazteek gurasoen bidea jarraitu zuten. Regino lorazain aritzen zen, eta Julianak etxeko barazkiak eta loreak eramaten zituen Donostiako Bretxa merkatura saltzera. Bera hasi zen Zarautza ere loreak eramaten.

Gaur, Urtinean, Regino eta Julianaren seme-alabek eta bilobek (azkena laugarren belaunaldia da) jarraitzen dute lorategi jardueran. Urtinea lorategi eta landare-haztegi enpresa handi eta dinamikoa da orain, eta Donostiako Bretxako eta Zarauzko bere saltokietan loreak saltzen jarraitzen dute. Gainera, hiru larre behi daude Urtinean gaur egun.

Baserriaren lotutako argazkiak: