Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

San Estebango eliza eta Txokoalde auzunearen artean, gain airoso batean dago Zabalea baserria.

Familia bakarreko etxea izan zen, baina antzinatik bi jabegotan zatitua dago. Aginagako Komunitateko partaidetzan era berezian agertzen da: "Zabala mayor" edo "Zabala grande" akzio baten bi herenekin, eta "Zabala menor" edo "Zabala abajo" heren batekin.

1573an, Margarita de Artusa zen Zabale de Susoko etxekoandrea. Ezagutzen den etxe honen lehenengo aipamena da.

1642an, da "Çavalea" aipatzen da. Urte hartan dukat bat eman zuen erregearentzat, Batzar Nagusiek emandako agindua betez, "donativo graçiosso" deitzen zen zerga moduan.

1864ko "Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa" zerrendan Zabalea baserria agertzen da, udaletxetik 1.400 metrora kokatua. Orduan, bi familia bizi ziren hiru solairuko etxe honetan. Beraz, badirudi bi jabegoen arteko zatiketa XIX. mendearen erdialdea baino lehen egin zela.

Baserriaren ekialdeko zatia Zabaleagoikoari ("Zabala mayor" jabetza-eskrituretan) dagokio, orubearen bi heren hartzen dituela gutxi gorabehera. Zati honen jabea Urdaiagatorreko Anbrosio Zatarain zen, eta XX. mendearen hasieratik Aizpurua familia bizi zen maizter. 1936an, familia horretako bi seme bizi ziren baserrian; Michelinen lan egiten zuten. Anaia haietatik bat, Frantzisko Aizpurua, 1907an jaioa, fusilatu egin zuten Aiako Laurgainen; Kosme Yaguez, Usurbilgo geltokiko arduradunaren semea, eta Zubietako maisuarekin batera, 1936ko urriaren 10ean. EAJkoak ziren biak. Baina ez dirudi politikagatik izan zenik. Pertsona umila eta atsegina omen zen Frantzisko, eta norbaiten ezin ikusiagatik edo zerbait zor ziolako hil zuten faxistek.

Pagola-Aizpurua familia etorri zen maizter 1940 aldean Aginagako Ezpaldiberritik. Eustakio Pagola eta Iñaxi Aizpurua senar-emazteek hamar seme-alaba izan zituzten. Eustakio arte handiko gizona zen, eta bera izan omen zen Usurbilgo lehenengo garbigailu elektrikoa egin zuena, antza denez beste nonbaitetik ideia hartuta. Berak baserria guztiz eraberritu, eta eranskin handi bat egin zion 1967an. Orduan jarri zuen dolarea.

Etxean alaba bat, Mari Karmen Pagola, gelditu zen. Aialdene berriko Joxe Luis Atxegarekin ezkondu zen, eta Zabalean bizitzen jarri. Bost seme-alaba izan zituzten. Baserri lanean jardun zuten, sei edo zazpi behirekin. Baserria erosi ondoren, 1993an etxe zaharra bota eta berreraiki egin zuen Atxega familiak. Gaur egun, nekazalturismoa dago Zabaleagoikoan.

Zabaleabekoak baserriaren orubearen heren bat hartzen du, mendebalekoa. Gaur ez da hemen inor bizi. Kandelaria Alargunsoro bertan jaio zen, eta 78 urte zituela hil zen 2001ean. San Estebango serora zen. Alargunsorotarrak maizterrak ziren; jabea Saltxipiko Añorga familia da aspalditik.

Baserriaren lotutako argazkiak: