Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietako plazan dago da etxe hau, aurrean Santiago eliza eta errebote plaza dituela. Alamandegi soilik deitu ohi zaio XVII. mendeko etxe honi. Aurrealde ederra dauka harrizkoa, lehenengo solairuraino, eta hortik gora zuraje oso erregularra, lehenengo solairuan eta ganbaran. Hutsuneak adreilu zeramikoz beteak ditu. Etxearen zurezko egitura berezkoa da, XVII. mendekoa, eta kalitate onekoa. Zubietako Komunitatearen jabego da. Alamandegi beti izan da zubietarren batzartokia, kontzejua, taberna, ostatua; baita eskola, baserritar ermandadearen biltokia eta gartzela ere: hitz batean esanda, Zubietako Komunitatearen etxe nagusia, eta horretarako egina izan zen gainera.

Joxe Ramon Zubimendik Zubieta, mila urteko herria liburuan dioenez, 1670 aldean Alamandegiberri eraikia zegoen. Etxe hau eraikitzeko erabili zen orubea Araeta oinetxearena zen. 1679ko martxoaren 19an Zubietako batzarra hementxe bildu zela badakigu: "que juntos y congregados estamos conforme costumbre, en la casa nombrada Alamandeguía la nueba, que es la que thenemos señalada como propia de dicha comunidad para semexantes conbocatorias y tratar, conferir y resolber cosas del serviçio de Dios nuestro señor y hutilidad de dicha comunidad y su concexo..." dio orduko dokumentu batek. 1702ko martxoaren 18an Komunitateak egin zuen batzarreko biltzarkideen hitzek ere, Alamandegi batzartokia ekartzen dute gogora: "...en la sala aiuntamiento de las cassas del concejo de Alamandegui de la comunidad de Zubieta, en lo que es jurisdicion de la ciudad de San Sebastian..."

Baina horrez gainera, Alamandegi baserria ere bada: gaur jangela dagoen lekuan, lehen ukuilua zegoen. Lau behi izaten ziren, 1970 inguruan kendu zituzten arte.

1704an, Antonio de Zavaleta zen Alamandegiberriko maizterra. 1829 eta 1868 artean, Francisco de Añorga eta bere emazte Eugenia de Aizpurua bizitu ziren Alamandegin; berak ziren ostalariak. Oso estimatuak ziren Zubietan. Beren seme batek, Jose Maria Añorga Aizpuruak, jarraitu zuen tabernarekin.

Ebaristo Aliri, izen bereko oinetxeko semea zen. Alamandegiberrira etorri zen bizitzera, XIX. mendeko azken hamarkadan. Garai hartan, Alamandegi oso utzia zegoen, Jesusek, Ebaristoren bilobak gogoratzen duenez. Bizitzeko moduan ipini eta bertan jarri zen bere emaztearekin, Arbitzako Ignazia Añorgarekin. Joxe, Agapito, Ignazia, Juliana, Ramon, Rosario eta Anjel seme-alabak izan zituzten. Haietatik, Joxe gelditu zen etxean, Nafarroako Aresoko Azpikoetxea baserriko Katalina Trekurekin ezkonduta. Beste anai-arrebak, ezkondu gabe, etxean gelditu ziren, Errenteriara ezkondu zen Anjel gazteena izan ezik. Joxe eta Katalinak bi seme-alaba izan zituzten.

Jesus Aliri Treku da egungo ostalaria, eta bertan bizi da bere familiarekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: