Iradokizun bat bidali  Hasierara

Kontsultak

Baserriak

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z

Zubietako erriberen behealdean, Oria ibaiaren uhaldean aurkitzen da Aliri, Araundi eta Barrenetxe baserrietatik hurbil. Eraikuntza ederra da, eta baserri zahar guztietan ohi den bezala, bere aurrealde nagusia goizeko eguzkiari begira dauka. Bi zutikako habe handi eta tinko ditu, frontal gurutzatuak eta beren artean indartzeko beso paregabeak. Estilizatuak dira loturetako arrano-buztanak. Beheko solairuan, eta lehenengo solairuraino, legar harri biribilez egina dago horma. Hortik gora, Zubietako Tellerian egindako adreilu zeramiko trinkoz beteta daude egituraren arteko tarteak. Aurrealdearen erdian Aliri familiaren armarria dago, Gernika aldetik ekarritako harriz egina. Barruan, etxearen zurajea eraikuntzaren garai berekoa da, eta osorik mantentzen da, ukuiluko habeak izan ezik. Ondasun kultural kalifikatua da.

"Los señores de la guerra y de la tierra, nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores Guipúzcoanos" liburuan, Pere Yuaynes de Hali gerraria aipatzen da, 1353ko azaroan. Normandiara joan zen borrokara Karlos II Evreuxkoa (Gaiztoa deitua), Nafarroako erregearen agindupean. Beharbada, Zubietako Aliri etxeko arbasoa zen. Ehun Urteko Gerra zen, eta Nafarroak Normandian zituen lurrak galdu zituen.

1379an agertzen da etxe honen izena: Zubieta, Donostia eta Usurbilen artean zatitu zen urte hartatik Aliri Donostiakoa da. Geroago, Zubietako beste oinetxe asko bezala, 1495ean ere agertzen da Aliri Zubietako Komunitatearen dokumentu batean: "Martin Perez de Aliry, señor de la casa de Aliry" deituak, kontratu bat sinatu zuen, beste etxe batzuekin batera, eta horren bidez, Aizpurua etxeari bere bi erroten erdia erosi zion. 1468an jaioa zen eta lekuko gisa ere agertzen da, Atxegako jaunak Zubietako Irurubieta familiaren kontra hasitako auzi batean. Martin Perez de Aliriren izena berriro agertzen da 1517an, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruko lur eta ondasunen inguruko gatazkan. Bestalde, Lope Martinez de Isastik Aliri deitutako armadun oinetxea aipatzen du Usurbilgo etxe zerrendan, 1625ean. Berriro ere Donostiako oinetxe zerrendan beste batzuen artean, aipatzen du: "Fuera de los muros de la villa en su jurisdicción son casas solariegas antigas: ...Aliri es en Zubieta jurisdicción de San Sebastián...". Aliri abizeneko familia izan da beti oinetxe honen jabea, eta halaxe da gaur ere. XVI. mendearen hasieran eraikitako baserri paregabea da.

Aliri Zubietako Komunitateko partaide izan da beti. Domingo de Lizasok (XVII. mendea eta XVIII.aren hasiera) dioenez, kaparedun noble nabarmen eta odol garbikoen etxea da, Gipuzkoako hasierako etxe herri-sortzaile eta jatorrizko etxea. Bertatik sortu dira oso "zaldun gailenak", eta familiaren zati bat Donostiako hirian bizi zen, eta "ohorezko ofizioak" izan zituzten. Izendapen hauek gaur harrigarriak iruditu arren, garai hartako gizarte klasistan ohikoak ziren.

Alirik portua izan zuen. Luis Miguel Diez de Salazar historialariak dioenez, 1509an, portu hori, Oriotik Oria ibaian gora, itsasotik urrutiena zegoen, Aizpuruko errota baino beherago. Lasarteko burdinolarako burdin-minerala lehorreratzen zuten bertan. Portuaren jabea Martin Perez de Aliri zen, garai hartan; errotarena berriz, Martin Perez de Aizpuru.

1627an, Antonio de Alirik eskatuta, Felipe IV.a erregeak armadun oinetxea izateko ohorea eman zion. Calatravako Ordeneko zalduna, almirantea, eta Nueva España-ko (gaur Mexiko) korregidorea izan zen. Donostian jaioa zen, Zubietako Aliri etxeko ondorengoa.

Ugariak dira Aliritarren bestelako aipamenak. Esaterako, 1566an, Aliriko ondorengo ziren Martin eta Juan Lopez de Alirik, Donostian auzotasuna zuten. Anton de Soroa Aliri, 1516an jaioa, lekuko gisa aipatzen da 1586an. Joanes de Alliri edo Aliria izenekoa, Aizpuruko errotako errotaria zena, 1598an Komunitateko auzi batean aipatua da.

1620 eta 1630 artean, Domingo de Aliri zen etxeko maiorazko eta jabea. Saroe oinetxeko alaba zen Magdalena de Soroarekin ezkondu zen. Haien seme Juan Lopez de Alirik hartu zuen oinordekotza. Juan Lopez Maria de Eraustieta Ibarrolarekin ezkondu zen 1628an; Ibarrola oinetxeko alaba zen. Juan Lopez Zubietako Komunitateko batzarkide gisa agertzen da 1663an eta 1673an. Lau seme-alaba izan zituen: Juanes, Magdalena, Catalina eta Maria. Juanes izan zen maiorazko eta Aliriko jabe. Zubietako Irigoiengo alaba batekin ezkondu zen. Batzarkide agertzen da 1679, 1689, 1704 eta 1705 urteetan. 1702an, berriz, zinpeko buru izan zen. 1677an hil zen.

1724an, Mariana de Unanue Aliri oinetxeko jabea, seguru asko Juanes edo Juan de Aliriren alarguna zen. 1796an Jose Antonio de Alliri zen etxearen jabea. 1855ean Dominica de Aliri izena aipatzen da. Urdaiagako Urtinea baserriko jabea zen. 1869 eta 1873 artean, azkenik, Zubietako zinpeko buru edo alkate izan zen Martin Felipe Aliri Mugika, Aliri baserriko maiorazkoa eta jabea.

Manuel Simon Aliri Lizarraga, gaurko nagusia den Martin Aliriren aitona, 1932an hil zen 86 urte zituela, beraz 1846an jaioa zen Alirin. Manuel Simonen aita, Martin Felipe, Juana Mikaela Lizarraga Urkirirekin ezkondua zegoen. Juana Mikaela zizurkildarra zen sortzez. Manuel Simonen aitonak, Jose Antonio de Allirik, 1813an Donostia berreraikitzeko Aizpurua oinetxean burutu ziren batzar ezagunetan parte hartu zuen.

Manuel Simon Aliriren emaztea Maria Anizeta Etxebeste Arizmendi zen, Andoaingo Agerre baserrikoa. Bi seme-alabaren gurasoak ziren: Bixente, maiorazkoa, eta Maria Dolores. Bixente, 1887an jaioa, 1954ean hil zen 67 urterekin. Bixenteren emaztea Teofila Añorga Alkorta zen, Arbitzako alaba. Teofilaren amaren aldetiko aurrekoak Berridikoak ziren; aitaren aldetikoak, berriz, Arbitzakoak bertakoak. Bi seme eta alaba bat hazi zituzten: Martin, Maria Dolores eta Fernando. Martin, maiorazkoa eta gaurko jabea, Antonia Begiristain Maiozekin ezkondu zen, Aginagako Lertxundi baserriko alabarekin. Martin eta Anttonik hiru alaba eta seme bat dituzte.

Alirin bi morroi izaten ziren XX. mendearen lehenengo herenean. 1936ko gerra baino lehen, Jose eta Elias Uranga anaia andoaindarrak, Alirin morroi izan zirenak, ezagutu zituen Martin Alirik. Andoainen bizi da gaur Elias Uranga; 97 urte ditu.

Baserri eder honetan 12 behi, idi parea eta txekorrak zituzten. Txerria ere urtero hiltzen zuten. 1983 aldean, behiak kendu eta haragitarako txekorrekin jarraitu zuten, orain dela sei bat urte arte. Gaur, bere lursail zainduak inguruko beste baserri batzuek erabiltzen dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: