Arratzainaundi eta Arratzainzar


Bordatxo mendiaren ekialdean dauden lau baserri eta etxe bat dira Arratzain izena daramatenak: Arratzainaundi eta Arratzainzar, Arratzainborda, Arratzainberri dira baserriak; etxea, berriz, Arratzainalai deitzen da.

Arratzain oinetxe zaharra famili bakarrekoa zen lehen, gaur, elkarri erantsitako bi etxebizitzatan zatitua dago. Bi aldeek izen ezberdinak dituzte: bata Arratzainzar da, bestea Arratzainaundi.

Lehengo baserri zaharrak planta errektanguluarra zuen eta bi ur-isuritako teilatua. Bi jabe direnez, bakoitzak bere aldetik egin ditu berreraiketa eta berrikuntzak, eta gaur itxura ezberdineko bi baserri dira.

Etxe honen lehenengo aipamena 1499an aurkitzen dugu. Luis Murugarren historialariak dioenez, Cristoval de Arraçain eta Juango de Arraçain aipatzen dira Usurbilen egin zen lehenbiziko erroldan. Bigarrena oinetxeko jauna zen.

1508an, Pedro de Arraçain izeneko pertsona bat aipatzen da epaiketa batean lekuko gisa. 1444an jaioa zela badakigu.

1566an, Donostian auzotasuna zuen Domingo de Arrazainek. Usurbilgo Arratzain baserrian jaioa zen.

Lope Martinez de Isastik aipatzen du “Arrazain” oinetxea, 1625ean bere “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburuan. 1665ean, “Arreçayn” izena aipatzen da berriz ere.

1642an, Domingo de Arrillaga Arrazaynek, Batzar Nagusiek aginduta, hiru dukat eman zituen erregearentzat. Urte berean, aipamen bera aurkitzen da, Geronimo de Arrazaynek bi dukat erregearentzat eman zituela eta.

1644an, Domingo de Arrazayn izena aipatzen da, Usurbilen alkatea aukeratzeko egin zen batzar batean.

1662an, Francisco de Arrillaga Arrazain, Arratzain oinetxeko Domingo de Arrillaga Arrazain jaunaren semerik zaharrena, Donostiako Artigako Lugaritz oinetxe ospetsuko alaba zen Marota de Zelarain y Lugaritz andrearekin ezkondu zen.

1682an, Luis Murugarrenek Miguel de Arrasáin aipatzen du. Dirudienez, zurgina zen, eta Lasarteko Ubasten edo Uistin baserria eraikitzen egindako lanak zor zitzaizkiola eta, ordaina erreklamatzen ibili zen.

1864ko “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” etxe zerrendan “Arrazáin” baserria aipatzen da, udaletxetik 2800 metroko distantzian dagoena. Hiru etxek edo eraikuntzak osatzen zuten. Ordurako, Arratzainzarra bi etxebizitzatan zatitua zegoen, hots, Arratzainzar eta Arratzainaundi bi aldeetara. Hirugarrena, berriz, Arratzainberri dela dirudi.

Arratzain baserri zaharra Zubietako Barazar oinetxeko Ugalde familiarena zen. Hauen ondorengo zen Frantzisko Leizaolak jaso zuen heredentzian. Ondoren, bere alabek bertako maizterrei saldu zieten, 1940-1942 inguruan. Bakoitzari 35.000 pezeta kostatu zitzaion.

Bi aldeetan Lizasotarrak bizi ziren. Arratzainzarrean Ignazio Mari Lizaso, bestean Ignazio Mariren arreba Juana Ignazia.

Arratzainaundiko Juana Ignazia Lizaso Joxe Zuloaga Igeldoko semearekin ezkondu zen. Joxe eta Juana Ignaziak 11 seme-alaba izan zituzten: Pedro, Maria, Ana, Juana, Bittori, Joxe Antonio, Ziriako, Jesusa, Pantxika, Joxepa eta Hipolito, eta hala ere beste haur bat inklusatik ekarri zuten: Laura. Pedro, etxerako izango zena, Terueleko frentean hil zen 1936ko gerran, eta etxean maiorazko Joxe Antonio gelditu zen. Joxepa Alberdi Azpeitiko Odria auzoko Arauntza baserriko alabarekin ezkondu zen.

Juana Iñaxi Igarako autobusean joaten zen, egunero, Donostiako San Martingo plazara. Arratzaindik goizeko 6,30etan astoan abiatu; astoa Maskolaitzeko zokoan lotuta utzi, eta ondoren, Igarako baserritarren autobusa hartzen zuen. Joxepa errainak jarraitu zuen bide bera. Urte batzuetara astoa utzi, eta zaldi-karroan San Martin plazaraino joaten ziren. 1966an, gidatzeko baimena lortu, eta ordutik aurrera, Land Rover batean ibili izan da, orain dela gutxi arte.

1994an, Arratzainaundi erre egin zen, tximiniatik su hartuta, eta osorik eraberritu zuten orduan. 20 bat abelburu izan ohi dira, eta gaur, 10-12 larre behi dituzte.

Gaur egun, Lizaso familia bizi da Arratzainzarrean ere. Joxe Antonio Lizaso Alkorta eta Juana Josefa Arruti Izagirre senar-emazteak Aiatik etorri ziren Arratzaina bizitzera, 1883an. Hauen seme Ignazio Mari Lizaso Arruti Arratzainen jaio zen 1890ean. Urtetako alaba batekin ezkondu zen: Balentina Josefa Alkorta Saizarrekin. Haien semea da Pedro Lizaso Alkorta, Arratzainzarreko gaurko nagusia.

Etxe zaharra bota eta guztiz berria egin zuten, eta gaur jatetxe, ostatu eta sagardotegia dago bertan. 30 ardi ere badituzte. Arratzainzar baserrian, Egioletan bezala, eskola izan zen garai batean, eta inguruko baserrietako neska-mutilak aritzen ziren bertan ikasten.

Baserriaren lotutako argazkiak: