Artzabal


Artzabal, San Salbatore eliza eta Kalezarreko erdigunearen arteko erdibidean dago, oso emankorrak ziren lursail batzuen erdian.

Planta errektangularra dauka, bi solairu eta ganbara. Hormek, harri eta manposteriaz eginak, harlanduak dituzte ertzetan eta sarrerako ate eta leihoetan. Fatxada nagusia hego-ekialdera begira dago. Beheko solairuan karrera edo eskaratz polita dauka, Usurbilen gaur irekia gelditzen den bakarra. Honen gainean zurezko bilbapenez eta adreilu zeramikoz egindako aurrealdea, harriz moldeatutako pilare batek eta harlanduz egindako hormek eusten dute. Etxe barruko egiturak zurezkoak dira zatirik handienean. Baserriaren oinarrietatik ganbararainoko bederatzi habek eusten dute hiru ur-isuritako teilatua. Orokorrean baserri bikaina da, bere garaikoen artean aipagarrienetakoa.

Artzabal XVIII. mendeko baserria da. Garai horretan, seguru asko beste etxe zahar baten oinarrietan eraiki zen, eta ia aldaketarik gabe mantendu zen 1957 arte. Urte horretan, belar-zulo bat eta mandiorako sarrera berria egin ziren. Berrikuntza horiekin batera galdu zuen etxearen garai berekoa zen dolarearen zorua.

1499an, Juan de Arzaval aipatzen da Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

Artzabal Saroe jauregiaren jabetzakoa izan da. Antonio Murua, Muruako markesa, zen nagusia. Gaur, haren ondorengoen eta udalaren arteko hitzarmen baten bidez, Artzabaleko lurretan etxeak egin dira, eta baserria herriko ondarera pasako da.

1920an, Marzial Arze, 1859an jaioa, eta Josefa Segurola senar-emazteak bizi ziren. Maria, Nikolas, Zelestino eta Balentina zituzten seme-alabak.

1930ean, Manuel Urruzmendi Urkamendiko semea bizitu zen bertan. 1936an berak eraman omen zuen, milizianoekin batera, Artzabalgo idiekin errepublikarrek Bordatxo mendian zuten kanoia Andatza aldera, baina handik ere faxistak sartu ziren, eta tiroka gelditu zuten. Gurdia irauli eta puskatu egin zen, eta idiak bere gisa itzuli ziren Artzabalera.

Gerraren ondoren, Artzabalen maizter bizi zen Nikolas ezkongabe bost edo sei abelbururekin. Hau hil zenean, etxea zaintzeko, markesak Aizperroneko Jabier Orbegozo jarri zuen. Gaur, Artzabalen Jabier bakarrik bizi da. Nagusiak berak edukitzen zituen behiak, eta Jabierrek kontu egiten zituen.

Baserriaren lotutako argazkiak: