Txokoalden dago, eta izenak ongi adierazten duen bezala, aldats edo malda batean dago, San Esteban elizara doan herribide zaharraren ondoan.
Planta errektangularreko etxe honek bi solairu eta ganbara txiki bat ditu; eta manposteriaz eraikia den hegoekialdeko fatxada nagusiak, beheko solairutik teilatuperainoko zurezko bi habe ditu. Habe hauek zurezko bilbapenaren oinarriak dira. Aldiz, etxe barruko egitura, zurezkoa hau ere, sei haberen gainean altxatzen da. XVII. mendean eraikitako baserri hau aldaketa handirik gabe heldu zen XIX. mendearen bukaerara. Garai hartan, luizi batengatik edo, baserriaren alde bat erori egin zen, eta berriro ere bere materialak baliatuz, berreraiki egin zuten.
1625ean, Lope Martinez de Isastik “Aldatsa” izeneko oinetxeari erreferentzia egiten dio. Auzotasuna ere bazuen, baina badirudi galdu egin zuela eta maizter etxea izatera pasa zela.
1663an, Zubietan gertatutako auzi batean, baserri batzuei (auzotasuna ez zutenak) ukatu egin zieten komunitateko larreetan haien abereak bazkatzeko eskubidea. Zubietarrek ordea, errekurtsoak jarri zituzten, eta deklaratu zuten “Aldasa” deitutako etxeak ez zuela auzotasunik Aginagan, baina hala ere, eskubidea bazuela bere abereak komunitateko larreetan bazkatzeko. Azken 30 urteetan horrela gertatzen omen zen, beraz, 1633tik aurrera omen zen horrela. Seguru asko, garai horretan eraikiko zen baserri hau. Dena den, Aldatxa maizter etxe gisa mantendu zen urteetan, ez zen, gaur bezalaxe, Aginagako Komunitateko partaide izan.
Maria Muguruza Arozena, gaur Aldatxako amona dena, baserri honetan bertan jaio zen. Mariak zera kontatzen digu: “baserriko lan guztiak probatu eta ikasi ditut: segan, inaurkinak egiten, belarrak moztutzen, artajorran, lan guztiak egin ditut nik, goldean eta behiak jezten ezik!”. Bere aita, Joxe Muguruza Oñederra, mendaroarra zen, eta Aldatxara etorri zen, bertako alaba Iñaxi Arozena Aginagarekin ezkonduta. Iñaxiren gurasoak Pedro Mari Arozena eta Martzelina Aginaga izan ziren. Arozenatarrak Nafarroatik etorri ziren, Mariak dioenez, aspaldi. Bengoetxeatarrak, nafarrak hauek ere, bizi omen ziren Arozena familia etorri aurretik.
Aldatxakoak baserriko nagusi dira aspalditik, baina garai zailak bizi zituzten. “Gilisastitxikiko semea zen Joxe Mari Iturralde Sorrondegirekin, gerra ondoren, 1940an ezkondu nintzen -dio Mariak-. Neska bat jaso genuen Fraisorotik, Josefina: gaixoa hil egin zitzaigun! Gero lau seme izan genituen. Gaizki eta miserian bizi ginen, garai tristeak ziren haiek, babarruna herrian entregatu behar, artoa Hernanira eta etxean artorik ez! Ogia ezin erosi!…”
“Nire senarra hemen auzoan ezagutu nuen -jarraitzen du Mariak-. Sekulan ez ginen joaten bilerara; behin joan ginen Santioetan Zubietara, nire senargaiak bolotan jokatu behar zuelako, Urtineako bere lagun Regino Arrospiderekin batera. Beti lau behi izan ditugu, gaur berriz, behi bat eta bost txekor ditugu. Esnea, egunean hamar bat litro, Aginagako Goikoetxeko Martzelino Bengoetxea letxeroari ematen genion. Bestela, ama zena astean behin joaten zen Donostiara tratuarekin, trenez”, kontatzen digu Mariak.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1965. Urdaiagatarrak auzolanean: 1.- Ignazio Labaka (Karatxea). 2.- Joxe Goenaga. 3.- Joxe Mari Kamino (Portu). 4.- Joxe Julian Zubeldia (Oagoia). 5.- Joxe Mari Arrospide (Urtinea). 6.- Fermin Roteta (Urdaiaga Jauregia). 7.- Marzelino Portu (Ostatu). 8.- Joxe Mari Muguruza (Goikoerrota). 9.- Inaxio Lizaso. 10.- Antton Mari Iturralde (Aldatxa). 11.- Joxe Angel Zubeldia (Oabea). 12.- Joxe Luis Iturralde (Gilisastitxiki). 13.- Antonio Etxabe (Santuenea). 14.- Bixente Muguruza. (Goikoerrota). 15.- Santos Iruretagoiena (Gilisastiaundi). 16.- Joxe Iruretagoiena (Gilisastiaundi). 17.- Joxe Iturralde (Aldatxa).
- 1970. Aldatxako ataria. Ezker eskubi Joxe Iturralde, Maria Muguruza, Joxe Iñaxio Iturralde Muguruza.
- 1999. Aldatxa
- 1948.Aldatxako ataria. Joxe Muguruza Oñederra.
- 1950. Josefina Baraibar Sagastibeltza.
- 1948. Joxe Iturralde eta Maria Muguruza senar-emazteak beraien seme Antonio eta alaba Josefinarekin.
- 1970. Joxe Iturralde aita, eta Joxe Iñaxio Iturralde semea Aldatxako ferratokian.
- 1999. Zuraietako arrano buztanen xehetasunak.
- 1999.Aldatxa.
- 1950. Aldatxako ataria. Muguruza Arozena eta Iturralde Muguruza familiak. Ezker eskubi. Goitik behera: Migel Iturralde Sorrondegi. Bittori Muguruza Arozena. Maria Muguruza Arozena. Joxe Iturralde Sorrondegi.Tiburtzi Arozena Aginaga. Joxe Muguruza Oñederra.Angel Iturralde Muguruza.(Joxe aitonaren besoetan). Iñaxi Arozena Aginaga.Antonio Iturralde Muguruza. Joxepita Baraibar Sagastibeltza. Ramon Iturralde Muguruza.
- 1991 Saltxipi jatetxea. Joxe Iturralde bertsotan.Atzean Jokin Solozabal andoaindar bertsolaria. Joxe Iturralde Sorrondegi (“Joxe Hierro†ezizenez), Gilisastitxikiko semea,Aldatxara ezkondu zen.