Zubietako erriberan dago Araundi baserria, Barrenetxegoikoa, Etxenagusi eta Aliri artean. Etxe ederra da, harri landuz egindako leiho eta ateburuak ditu aurrealdean. Baserriak antzinako zenbait zurezko egitura mantentzen ditu. “Aranda Haundi” eta “Araundi” izenekin agertzen da Donostia aldeko baserri hau; jendeak, berriz, “Aundi” esaten dio.
1495ean, Zubietako Komunitatearen dokumentu batean agertzen da; beste pertsona batzuen artean, “Maria Gonzalez de Aranado, señora de la casa de Aranado” izena ageri da agiri horretan. Seguru asko gaurko Araundi baserriari egiten dio erreferentzia idatzi horrek. Geroago, 1625ean, Lope Martinez de Isastik ere “Araundi” izeneko oinetxeari aipamena egiten dio.
1680an, Araundiren aipamena egiten da Komunitateko partaide gisa. Akzio laurden bat dagokio bertan.
1869an, baserriaren jabea Bautista Galarraga usurbildarra zen.
XX. mendearen hasieran, Igeldoko Bengoetxea baserriko Arrillaga familia zen Araundiren jabe. Lesmes Arrillaga, Bengoetxeako maiorazkoa, zen Bengoetxea eta Araundiko nagusia. Araundin Lesmesen iloba Narziso Arrillaga bizi zen maizter. Narziso, Bengoetxea baserrian jaioa zen, ezkondu eta Araundira etorria. Bere emaztea Josefa Ignazia Martikorena zen, Igeldoko Jaundegitxikiko alaba. 1930 aldera etorri ziren Araundira bizitzera. Lau seme-alaba izan zituzten: Pepita, Maria, Antonio eta Mertxe. Haietatik, Maria gelditu zen etxean. 1961ean, Nafarroako Irañetako Markorena baserriko semea den Joxe Zudaire Larrazarekin ezkondu zen. Amona Joxepa Ignazia eta bere alaba Maria egunero joaten ziren Donostiara esnea eta tratua partitzera, Lasarteko Iurritaren autobusean. 1959an, Gurelesa sortu zen, eta debekatu egin zieten esnea saltzea, beste baserritar askori gertatu bezala. Hala ere, Araundikoek esnea saltzen jarraitu zuten, eta horregatik, isunak ere jaso zituzten. Gaur Araundin 16 behi dituzte, eta esnea saldu ordez, bigarak hazten dituzte.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 2003. Araundi.
- 1931. Igeldo.Josefa Ignazia Martikorena Ezeiza eta Narziso Arrillaga Aiestaran ezkon egunean.
- 1990.Araundi. Josefa Martikorena eta Jesus Balda (Aritzeta). Erdian beraien biloba Jesus Arrillaga Balda.
- 1946.Antonio Arrillaga Martikorena,Araundiko semea.
- 1956. Usurbil. Ezker-eskubi: Zubietako Araundiko Mertxe eta Maria Arrillaga Martikorena ahizpak.
- 1955. Iruñea. Koadrila San Ferminetan. 1-.Juli Uli (Urdaiaga). 2-.Maria Arrillaga (Araundi). 3-.Pilar Urdanpilleta (Zubieta). 4-.Mertxe Arrillaga (Araundi).