Arbitza


Petritza baserriaren goialdean aurkitzen da Arbitza, mendi magal leun batean. Arbitza baserriari buruzko lehenengo aipamena 1379koa da. Urte hartan Zubieta bitan zatitu zen, Donostia eta Usurbilen artean. Ordutik, Arbitza Donostiakoa da. Geroago, 1495ean, Juan de Arbiça, Arbiza izeneko etxeko jauna aipatzen da Zubietako Komunitateko dokumentu batean. Juan de Arbiça 1408an jaioa zen, eta 100 urtez bizitu zela badakigu. Lope Martinez de Isastik ere egiten dio aipamena etxe honi 1625ean, izen berarekin. Arbitza Komunitateko partaide izan da beti. Planta oso zabaleko etxea da (378 metro koadro). XVI. mendeko eraikuntza da. Hala ere, etxe osoa erre egin zen noizbait, eta hormigoiz eraberritu zen, beraz ez dauka garai hartako egitura edo elementurik.

Arbitza izenaren aipamenak ugariak dira mendeetan zehar. Esandako lehen aipamen horiez gainera, adibidez, hor dugu Gonzalo de Arbiça izenekoa, 1438an jaioa, Atxegako jauna eta Irurubieta familiaren artean 1508an izandako auzi batean lekuko, eta ezagutzen den Usurbilgo lehen erroldan (1499) ere azaltzen da.

XVI. mendearen bigarren erdian, oinetxe honetako alaba bat, Maria de Arbiza, Urnietako Azkonobieta oinetxeko maiorazko zen Miguel de Azconobieta izenekoarekin ezkondu zen.

Juan de Arbiza izenekoa beste zubietar batzurekin batera auziperatu zuten 1517an, Oriako Itxia inguruko lur eta ondasunak defenditzeagatik. Izan ere, Juan de Lasartek burdinola bat egin nahi izan zuen zubietarren lur haietan. Auzi hura zubietarrek irabazi zuten.

Arbitzako maiorazko eta jabe zen beste Juan de Arbiça bat, 1560an jaio zen, eta baserri berean hil 1640an. Bestalde, 1598an eta 1599an, Domingo de Arbiça izena agertzen da Komunitateko auzi batean aipatua. 1615ean, Maria eta Madalena de Arbiça San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatu ziren. 1652an eta 1663an, gainera, Ignacio de Arbiza eta Pedro de Arbiza aipatzen dira. Pedro, 1591an jaioa, lekuko gisa deitu zuten auzi batean. Bestalde, 1679, 1689, 1702 eta 1705 urteetan, Nicolas de Arbiza Zubietako batzarkide zela badakigu.

Catalina de Arbiça gainera, 1650ean hil zela badakigu, eta Aliriko zubia uholdeak eramana zegoenez, haren gorpua gabarran pasa zuten lur ematera eramateko. Honela dio 1674ko agiri batek.

Beste Domingo de Arbiça bat, 1635ean jaioa, 1704an Zubietako auzi batean agertzen da. Arbitzako jabea zen.

1720an, Joseph de Añorgaren aipamen bat egiten da: Zubietako zinpeko buru edo alkatea zen.

1724an, berriro aipatzen da Joseph de Añorga izena, oraingoan Arbitzako jabe agertzen da. Urte berean, Francisco de Añorgak Atxulondoko burdinola (Zizurkil) alokatua zuen. Arbitzako semea zen seguru asko.

XVIII. mendearen bukaera aldean, Manuel Vicente de Añorga zen Arbitzako jabea. 1796an, Joseph Ignacio de Añorga agertzen da Zubietako batzarkideen artean; Manuel Vicente de Añorgaren semea zen. Geroago, 1869an, Jose Maria Añorga zen baserriaren jabea, eta azkenik, 1875ean, Jose Maria Añorga eta Jose Antonio de Añorgaren aipamenak agertzen dira: biak Arbitza baserrian bizi ziren.

1898an, Juan Kruz Añorga Zelaiak, Arbitzako jabeak, baserriko lur sail bat saldu zion Jose Ollokiegi Lastiriri.

Gaur, bi etxebizitzatan zatitua dago baserria, baina zatiketa ez da oso aspaldikoa. Bi aldeetako familiak ahaideak ziren. Orain dela belaunaldi asko, gorago aipatu dugunez, gutxienez XVIII. mendetik aurrera, Añorga familia izan da baserriaren jabe, eta bertan bizi izan dira. Seguru asko Arbitzara ezkontzaz etorriak dira.

Joxe Añorga Etxebeste, Arbitzako nagusia, Bidaniko Ignazia Toledorekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Joxe Antonio, Migel Maria, Juan Migel eta Juana Mari. Ignazia hil zenean Joxe berriro ezkondu zen, Mikaela Zelaiarekin, eta beste sei seme-alaba izan zituzten: Juan Kruz, Joxe Agustin, Xalbador, Joxe Ignazio, Anjel eta Mari Karmen. Joan den mendeko kontuak dira horiek: Joxe Añorga Etxebeste 1886an hil baitzen, eta bere bigarren emaztea Mikaela Zelaia, 1882an.

Ondorengoak izan ziren, Nikolas Añorga eta anaia Joxe Manuel, haien artean etxea zatitu zutenak. 1936ko gerra ondoren, baserria bi etxebizitzatan zatitua zegoen dagoeneko.

Nikolas Añorgak bere seme Tomas utzi zuen maiorazko. Tomas Zubietaren alderdi donostiarreko alkate izan zen urte askotan. Bost seme-alaba izan zituen: Maria Klara, Joxe, Maria Luisa, Frantzisko eta Mari Karmen. Joxe, bigarrena, Kontxi Bereziartuarekin ezkondu zen, eta baserrian bizi izan ziren. Bi alaba izan zituzten. Kontxi, oso emakume langilea, orain dela hamar bat urte hil zen. Baserriaren alde hau hutsa geratu zen azkenean, eta saldu egin zioten Aizpuruko Iñaki Aizpuruari.

Nikolasen anaia zen Joxe Manuel Añorgaren semea bizi zen baserriaren beste etxebizitzan: Migel Añorga. Migelek sei arreba zituen: Damiana, Nati, Emilia, Isabel, Prexenta eta Antonia, eta bera gelditu zen maiorazko. Ezkongabea zen, eta hil zenean, baserriaren alde hau ere hutsik geratu zen. Gaur, haren ilobak dira baserriaren jabe.

Arbitzak bazuen sagardotegi handi bat, Nikolas bizi zen garaian, Irigoien baserriaren ondoan, Arbitzaren lurrak Irigoien baserriaren atariraino heltzen baitziren. Gaur, sagardotegiaren eraikuntza hura Sorondo etxea da, eta bi etxebizitza ditu.

Orain dela gutxi, Iñaki Aizpuruarena den aldean, Zubietako Errekatxoondo etxeko Artola familiak ukuilua jarri du ganaduarekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: