Babilonia


Txikierdi tabernatik oso gertu dago Babilonia baserria, Oria ibaiaren ondo-ondoan. Babiloniaren ondotik pasatzen zen Asteasuaingo errotatik zetorren uraren kanal handia, gaur desagertua.

Lope Martinez de Isastik Babilonia izena aipatzen du Usurbilgo oinetxe gisa, 1625ean. Beste oinetxe bat ere aipatzen du: “Asteasuain junto al río” deitzen duena. Pentsatzekoa da, beharbada, etxe beraz ari zela.

Urte berean, Lope Martinez de Isasti berak, Juan de Grez letradu edo abokatuaren aipamen bat egiten du. Usurbilen jaioa zen, esaten duenez, “en la casa solar de Asteasuain junto al río”. Gaztelako leinu boteretsu baten oinordeko omen zen, eta bere garaian hamar itsasontzi egin omen zituen.

Babilonia bi etxebizitzako baserria da. Mendebalean Urkiola-Borda sendia bizi da. Ekialdean, berriz, Rezola-Azurmendi familia. Maizterrak dira, eta Jose Montenegro da jabea, Azkoitiko Hurtado de Mendoza familiaren ondorengoa. 1830ean, Esteban Hurtado de Mendoza zen baserriaren nagusia, eta berea zen Iturrarte irlako zati bat ere. Babiloniko maizterrek erabiltzen zuten lursail hori.

Babilonia, aspaldi, ermita bat zela esaten da, Errukizko Ama Birjinari eskainia. Hiru aldiz erre da; azkeneko sutea XX mendearen hasieran izan zen. Babiloniak baditu XVI. mendeko eraikuntza baten hondarrak: leiho konopial baten arrastoak.

Baserriaren mendebalean, XX. mendearen hasieran, Jesus Urkiola Gorrotxategi bizi zen. Mikeletea zen, Zegamako semea, “Jexux Mikeletea” izenez ezaguna. Babiloniko alaba zen Zelestina Urrozekin ezkondu zen. Zelestinaren jaiotetxean bizitu ziren, eta gero, Hernaniko Zabalagara bizitzera aldatu ziren, han hil ziren arte. Zelestinaren ahizpa gelditu zen Babilonian, Maria Urroz, eta Pedro Lizarragarekin ezkondu zen. Larbain baserrikoa zen Pedro. Alabatzako bat zuten: Sebastiana Urroz zuen izena. Ez zuten izan seme-alabarik. Jesus eta Zelestinaren seme bat, Julian Urkiola Urroz deitua, itzuli zen baserrira bizitzera Zabalagatik. Julian, Dolores Borda Zubeldiarekin ezkondu zen. Dolores Txikierdiko alaba da. Lau seme-alaba izan zituzten: Jesus, Julian, Joxe Mari eta Maria Teresa.

Garai batean, Babilonian 12-14 behi izaten zituzten bi etxebizitzen artean. Gaur, bi aldeetan ez dago behirik, baina bai baratzea, oilo eta untxi batzuk. Julian eta Doloresen bigarren semeak, Julian Urkiola Bordak, erleak ere zaintzen ditu. Babilonian, 50 erlauntza daude baserrian eta inguruetan kokatuak. Julianek ekoizten duen eztiak Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo saria lortu zuen 2001ean. Usurbilen, 2001eko apirilaren 25ean eman zen sari hau.

Baserriaren ekialdean Pello Rezola Aristizabal eta bere emazte Maria Azurmendi Intxauspe bizi dira. Pelloren ama, Maria Aristizabal, Babiloniko alaba zen. Bertakoa zuen Mariak aita ere, Joxe Mari Aristizabal. Hala ere, Pellok ez zuen ezagutu bere aitona Jose Mari. Maria, Jeronimo Rezolarekin ezkondu zen. Jeronimo Zapatari edo Asteasuaintxikiko semea zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Babilonian Pello semea gelditu zen, ezkonduta. Beste guztiak kalera joan ziren bizitzera, bat izan ezik: Joxe, Pelloren anaia, Aginagako Etxebestera ezkondu zen. Pello Rezolaren emaztea, Maria Azurmendi, Errekaldeko Eguzkitza etxeko alaba da. Bi seme izan dituzte. Gaur, Pellok eta Mariak baratze txukunak mantentzen dituzte. Lehenago, lauzpabost buru (esne behiak eta txekorrak) izaten zituzten.

Pellok eta Mariak Irubideko bileran ezagutu zuten elkar, eta 1949an ezkondu ziren Añorgako elizan, ohitura zenez emaztegaiaren parrokian. Geroztik, Babilonian bizi dira azken 52 urte hauetan.

Baserriaren lotutako argazkiak: