Berraiartzabarrena


Irabiko erriberetako hegoaldean aurkitzen da, laborantzarako ezin hobeak diren lurretan. Paraje honetan Oria ibaiak bihurgune handi bat egiten du; bihurgune horren erdian, gain zabal eta lau batean dago baserri handi eta eder hau. Berraiartzabarrena Aginagako Komunitateko partaidea da.

Etxe honen izenaz ezagutzen diren lehenengo aipamenak XV. mendearen bukaerakoak dira. Luis Murugarren historialariak dioenez, Usurbilen ezagutzen den aurreneko “gizon onen” (homes buenos) 1499ko erroldan “Juan de Arrayarza devajo” deitzen zen jauna agertzen da.

1625ean, Lope Martinez de Isastik ere hiru oinetxe aipatzen ditu Urdaiagan “Berreiarza” izenarekin; horietako bat Berraiartzabarrena da, zalantzarik gabe. 1642an, etxe honek hiru dukat eman zituen erregearentzat “donativo graçiosso” deitzen zen zerga moduan. Bestalde, 1772an, Miguel de Arrillaga Echeveste zen baserri honen jabea, Manuel Lekuonak dioenez.

1864ko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan gainera, “Berreiza Barrena” izeneko baserria agertzen da, udaletxetik 1.300 metrora kokatua. Badirudi urte hartan oraindik bi etxebizitzatan zatitu gabe zegoela. Dirudienez, garai hartan banatua da baserri hau. Horretarako, baserri zaharraren egitura bota, erdian horma sendo bat egin, eta bi zati berdin eraiki ziren, beti ere zurezko egiturarekin. Gaur, bi etxebizitzek mantentzen dute eraiki zen garaiko egitura.

1920an, Berraiartzabarreneko jabea Sebastian de Endaya zen. Urte horren inguruan, baserriko maizterrak Mujika eta Iribar familiak ziren. Geroago, Iribartarrek alde egin zutenean, Makazaga familia etorri zen, aiarrak azken hauek. Mujikatarrak berriz, aspaldi bizi dira baserri honetan, hegomendebaleko zatian. Manuel Mujika Berraiartzabarrenako semea da, eta Manuela Salsamendi emaztea, Zubietako Barrenetxebekoko alaba zen. Familia honek lehengo jabeari erosi zion bere aldea, 1930-1940 hamarkadan.

Baserriaren beste aldera, iparrekialdekora alegia, Makazaga familiak alde egin zuenean, Julian Zinkunegi Alkizalete eta Dolores Arruti Uranga senar-emazteak etorri ziren. Julian Asteasuko Sarobekoa zen, eta Dolores, berriz, zizurkildarra, bertan dagoen izen bereko baserrikoa. Zinkunegi familiak 1937an erosi zuen bere aldea, Sebastian de Endayaren ondoren bertako jabea izan zen Donostiako Iturralderi.

Zortzi edo hamabi buru izaten zituzten baserriaren alde bakoitzean. Gaur egun Mujika familiak 10-14 larre behi hazten ditu baserriko belardietan. Zinkunegitarrek, aldiz, 2000n kendu zuten azken behia. Batez ere, baratzean aritzen dira gaur egun, eta Teresa Zinkunegi andrea egunero Donostiako San Martin merkatura joaten da bere produktuak edo “tratua” saltzera. San Martina joaten den azkenetako usurbildarra da.

Baserriaren lotutako argazkiak: