Barrenetxebekoa


Barrenetxebekoa eta Goikoa elkarren parean daude. Zubietako erriberan daude biak, Aliriko zubitik hurbil.

Barrenetxe baserriaren aipamen bat 1379an agertzen da, ezagutzen den lehenengoa. Zubieta urte hartan zatitu zen Donostia eta Usurbil artean, eta hor agertzen da baserri hau aipatua. Barrenetxe Usurbilgo aldean geratu zen.

Aspaldi erretako etxea, berriro ere erre egin zen XIX. mendearen bukaera aldean. Bigarren aldiz erre zenean, Barrenetxegoikoa eraiki zuten Barrenetxebekoaren lurretan. Barrenetxebekoa ere berreraiki egin zuten, eta gaur bi etxebizitzatan zatitua dago.

Barrenetxeren beste hainbat aipamen ere badago: Machin de Barrenecheak XV. Mendean, dirudienez, errota bat eraiki zuen, “Roan” deitzen zen lekuan, Oria ibaiaren ertzean, Irurubieta baino gorago, Etxeberriagatik hurbil beharbada. 1413an, Barrenechea etxearen lurrak aipatzen dira, Yrurubieta etxearekin batera. 1495ean ere aipatzen da Zubietako Komunitateko partaide gisa. Urte horretan, Komunitatearen dokumentu batean idatzita agertzen denez, Barrenetxeko jabe Martin de Barrenechea eta izen bereko semea dira. 1517an, Martin de Barrenechea aipatzen da auzi batean, beste zubietar batzuekin batera, Juan de Lasarteren aurka Oriako Itxiaren inguruko lurrak defendatzen. Aipatutako jaun hori Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan azaltzen da, 1499koan.

Ascensio de Barrenechea 1534an jaioa, 1586ko auzi batean lekuko gisa ageri da; 1561ean, berriz, Alamandegizar baserria alokatzen du beste zubietar batzuekin batera.

XVI. mendearen erdi aldean, Nicolas de Barrenechea, Barrenetxeko jabea, Donostiako Artigako Lugaritz oinetxe ospetsuko alaba zen Catalina de Lugarizekin ezkondu zen, eta bi oinetxetako jabe bihurtu zen horrela. Beren alaba Catalina de Barrenechea y Lugariz, Lugaritz oinetxean izan zen oinordeko. Egun Antiguako apaizgaitegia dagoen lekuan zegoen oinetxe hau.

Lope Martinez de Isastik “Barrenechea” izeneko oinetxea aipatzen du Usurbilen, 1625ean.

Domingo de Barrenechea 1702, 1704, 1705, 1721 eta 1723 urteetan Zubietako Komunitateko partaide gisa agertzen da, Zubietan urte haietan izan ziren auzietan. Baserriaren jabea zen. 1724an Marcos de Lastibia aipatzen da, Barrenetxe baserriko maizter gisa. 1869an Pedro Zatarainen oinordekoak ziren jabeak. Badirudi garai hartan zatitu zela baserria bi etxebizitzatan.

Salsamendi familia bizi da Barrenetxebekoaren bi aldeetan. Batean, Ignazio Salsamendi bizi da familiarekin, eta bestean, Juanito Salsamendi, Ignazioren anaia. Bion aita, Benito Salsamendi Alkorta, Pantxonea deitzen zen Kalezarreko baserrikoa zen. Pantxonea baserria desagertua da, eta bere lekuan Miravalles komentua dago orain. Amak, berriz, Larraulgoa eta Beizamakoa zuen familia. Josefa Amunarriz Arostegi deitzen zen eta Prostuetxen jaio zen. Benito eta Josefa senar-emazteak Barrenetxebekora etorri ziren maizter, 1925ean. 12-14 buru zituzten baserrian. Bost seme-alaba izan zituzten.

1959an, Gurelesa eraiki eta baserritarrei esnea saltzea galarazi zietenean, behiak kendu zituzten. Ignazio Salsamendik zerrategia jarri zuen, eta lantegi honekin jarraitzen du gaur egun.

Baserriaren lotutako argazkiak: