Ezpaldiberri


Aginagako erriberetako iparraldean daude Ezpaldi baserriak: Ezpaldizar, Ezpalditxiki eta Ezpaldiberri, Joxelontxonearekin batera.

Luis Murugarren historialariak dioenez, “Espaldi berria”ren lehenengo aipamena 1848koa da.

Pikabeanea eta Antoniomarienea etxeek osatzen dute Ezpaldiberri.

Pikabeanea, beti taberna izan da, eta seguru asko, etxea egin zenetik hona. Aginagako baserritarren San Frantzisko ermandadea edo kofradia biltzen zen taberna honetan. Gaur itxita dago, nagusiek Madrileko Velazquez kalean Aginaga izena duen jatetxe bat jarri, eta hara pasa baitira bizitzera.

Aspalditik, Aginagako baserritarren ermandadea Eizan, “Estankoan”, biltzen zen, Agustin Furundarena, Eizako nagusia listero zutela. Hau hil zenean, Pikabeanea pasa zen biltoki izatera, eta bertan jarraitu zuten elkartzen partaideek. Urtean behin, bazkaria egiten zuten, San Anton egunez. Urte askotan, Joxe Antonio Pikabea nagusia izan zuten listero.

Pikabeaneari erantsita, Antoniomarienea etxea dago. Pedro Mari Maioz da nagusia, eta Donostiako Antiguan bizi da. Antonio Mari Etxeberria zen maizterra, eta emaztea berriz, Balbina Furundarena zen, Eizako alaba. Sei seme-alaba zituzten. Bospasei behi zeuden baserri txiki honetan. Antonio Mari Etxeberriak, gainera, bazituen 9.000 metro errioaren beste aldean, Liputzalen.

Baserriaren lotutako argazkiak: