Egiluzeaundi


Egiluzeaundi Bordatxo mendiko hego-ekialdeko bizkar batean dago. Herriaren erdigunera doan Aranerrekaren iturri-sorburutik hurbil.

Jose Maria Mutiloa Poza geografo eta historialariak aipatzen du, 1784an, “Eguiluze” izenarekin, eta 1864ko baserri zerrendetan “Eguiluze Mayor” deitzen zaio.

Egiluzeaundiko jabea bertan bizi den Bengoetxea familia da.

Aintziazarretik etorri zen Bixente Bengoetxea Azkonobieta, eta Egiluzeaundiko alaba zen Maria Luisa Urruzmendi Azurzarekin ezkondu zen. Maria Luisak bazituen beste hiru ahizpa, Luziana, Dolores eta Kandelaria. Urruzmenditar lau ahizpak Egiluzeaundiko nagusiak ziren.

Maria Luisa zaharrena izanik, maiorazka zen, eta etxean gelditu zen Bixenterekin ezkonduta; ahizpa Luziana Igeldoko Baldazarrera ezkondu zen; ahizpa Dolores Antiguako kalera, eta Kandelaria, gazteena, Urdaiagako Portu baserrira ezkondu zen.

Bixente eta Maria Luisak zazpi seme-alaba izan zituzten: Juan, Esteban, Anttoni, Eustakio, Kristina, Benantxi eta Mateo. Esteban gelditu zen etxean, Juanek, zaharrenak, ez baitzuen nahi izan baserrian jarraitu. Anttoni Lugarizko Lukainkategi baserrira ezkondu zen; Benantxi berriz, Ibaetako Urreztiazpi baserrira. Domingo Erkizia haren senarra Gipuzkoa eta Bizkaiko idi demen munduan oso ezaguna zen.

Mateo, anaiarik gazteena, Urdaiagako Ermotegi baserrira ezkondu zen. Beste hirurek kalerako bidea hartu zuten. Esteban Egiluzeaundiko nagusiak, Maria Otegi Saizar zuen emazte. Lizartzakoa zen, eta familiarekin Lugarizko Agorrenera joan zen. Hortik Egiluzeaundira ezkondu zen, 1945 aldean, eta lau alaba izan zituzten: Mari Karmen, Maria Luisa, Margari eta Anttoni. Maria Luisa gelditu zen Egiluzeaundiko maiorazka Añorgako Txarabategiko, Joxe Antonio Argoterekin ezkondu zen. Gaur, semearekin alargunduta bizi da baserrian. Margari Olarrira ezkondu zen, eta Anttoni, berriz, Troia baserrira.

Sei larre-behi eta astoa dituzte Egiluzeaundin gaur egun.

Baserriaren lotutako argazkiak: