Egioletatxiki


1864an, Egioleta baserria bi etxe ziren, horietako bat, Egioletatxiki. Baserri honek jatorrizko egitura mantentzen du: planta errektangularra, lau fatxada harri eta manposteriaz eraikiak, bi ur-isuritako teilatua. Etxearen barruko egitura, gutxi landutakoa, zurezkoa da.

Frantzisko Gomendio Iparragirre zen jabea, 1886an jaioa. Emaztea Josefa Eizagirre zuen, 1882an jaioa,. Hiru seme izan zituzten: Eugenio, Joxe Lorentzo eta Joxe Mari. Eugenio, Kristina Alberdirekin ezkondu zen, Arratzainborda berreraiki zuten, eta bertan bizitzen jarri. Egioletatxikin Joxe Mari anaia gelditu zen. Joxe Mari, Maria Alberdi Arrutirekin ezkondu zen, bere anaia Eugenioren emaztearen ahizparekin. Maria azpeitiarra zen, kaletarra berez. Bi ahizpak Igeldoko Etxeberrin bizituak ziren, eta handik ezkondu ziren Egioletatxikira eta Arratzainbordara. Joxe Mari eta Maria senar-emazteek sei seme-alaba izan zituzten. Zortzi-hamar abelburu izaten zituzten. Joxe Lorentzo, berriz, 1936ko gerran hil zen soldadu zela.

Maritxu egunero joaten zen esnea eta tratuarekin Egioleta azpiko errekan barrena Langagorrira, eta autobusean gero, Antiguako plazara. Joxe Mari semeak kontatzen du, bera mutikoa zela ikusi izan zituela bi asto eta gurdia frutaz kargatuak (muxika, sagarra…) baserritik errekan barrena eramaten. Urte batzuk geroago, maizterrak hartu zituzten, eta hauek taberna jarri zuten. Taberna Maritxuren anaia zen Angel Alberdik atenditzen zuen bere emaztearekin. Geroago, berriz, Odriozola-Manterola familia bizitu zen, eta gaur, Joxe Mari Gomendio semeak zaintzen du baserria. Bertan oiloak ditu. Urtero sagardoa egiten du.

Baserriaren lotutako argazkiak: