Eguzkitza eta Buztintzulo errota


Bustinzuloko errota lehenengo aldiz, 1640an aipatzen da. Luis Murugarren historialariak “Usurbil” lanean dio 1959an Catalina de Aldarraga zela “Bustinzullo” errotako errotaria. Antxon Agirre Sorondok “Tratado de Molinología” liburuan aipatzen du 1890ean, errota honetan bizi zirela Mariano Arbiza y Salbidea, 62 urtekoa, eta Jose M. Furundarena y Ubeun, 38 urteko zurgina. Azken autore honek dio Usurbilgo adineko pertsonek esan ziotela (1986 urtean) 1887an utzi zuela errotak bere jarduera. 1937an bota zuten errepide nagusia egiteko. Eguzkitzako Luis Goenaga jaunak dio orain ere hor ageri direla, Aranerrekan, Artzabal baserriaren azpialdean, Bustinzuloko errota zaharraren presaren aztarnak.

1765ean, San Millango markesek zituzten jabegoen artean, “El Molino viejo de Bustinsulo”, Bustinzuloko errota alegia, aipatzen da. 1881ean erregistratu zuten errota zaharraren jabeek haren lurretan egin zen “Egusquiza” izeneko baserri berria. 1888an jabeak, Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior, Villalegre eta San Millango markesak, Frantzisko Sarasua Etxaberi saldu zion Eguzkitza, 37.000 errealetan, hau da, 9.250 pezetatan.

Frantzisko Usurbilgo semea zen, Oagoia baserrikoa. Antza denez, Ameriketan dirua egin, sorterrira itzuli, eta etxea erosi zuen. Erramusenea edo Ortelanonea etxeko alaba Mikaela Pagola Sarasuarekin ezkondu zen, eta zortzi seme-alaba eduki. Familiako bigarren semea, Tomas, gelditu zen etxean. Gainerako senideak kalera ezkondu ziren, nahiz eta apaiz, fraile eta moja ere baziren haien artean. Tomas nagusi gaztea Juliana Bengoetxea Zalduarekin ezkondu zen; Aginagako Goikoetxeko alaba zen. Tomasek, Eguzkitza baserriaren aurrean, “ganadu etxea” edo ukuilu gisa erabiltzeko beste etxe bat eraiki zuen. Tomas eta Julianak ez zuten haurrik izan; semetzako hartu zuten Luis Goenaga Ariztondo Arroagoiko Martizene etxeko semea. 13 urterekin etorri zen, bada, Luix Arroatik, 1945ean. Maria Jesus Martiarena Oiarzabal Donostiako Anoeta baserriko alabarekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Eguzkitzan bospasei behi eta idi parea izaten ziren; morroirik ez, baina bai apopilo bat edo bi, adibidez: Michelinen eta Luzuriagan lanean aritzen ziren, eta ezkondu arte Eguzkitzan bizitu ziren, Romualdo eta Joxe Migel Betelu anaia araiztarrak.

1996an kendu zituen behiak Luis Goenagak, eta Eguzkitza urte berean bota zuten.

Baserriaren lotutako argazkiak: