Errotaberri


Sañarrenetik Irabi eta Txokoalderako bidean aurkitzen da Errotaberri. 1518an, Atxegako jaunak eta Aginagako “lurrak eta unibertsitateak” hitzarmen bat egin zuten burdinola bat egiteko, Antxon Aguirre Sorondo autoreak dioenez. Diru faltarengatik ez zuten egin. Bere ordez errota bat egin zuten: Errotaberri.

1528an eta 1543an aipatzen da berriz, enkante bat izan zela aurrenekoan, eta errekerimendu bat bestean.

1598ko liskar batean Martin de Ualde izena aipatzen da, Errotaberrin bizi zen 35 urte inguruko errotaria zena. Errota honen jabea Aginagako Komunitatea zen, Tolosako Frantziskotarrei erosia dirudienez, Joxe Ramon Zubimendik “Zubieta mila urteko herria” liburuan kontatzen duenez. Fraideek San Estebango emakume komunitate seglar batek egindako donazio bidez omen zuten etxe hau. Joxe Ramon Zubimendi bera Errotaberrin jaioa da.

1659an ere bertako errotariaren izena aipatzen da: Gracia de Ondaldagorri deitzen zen. Luis Murugarrenek, gainera, Errotaberrin bizi zen morroi bat ere aipatzen du: Antonio Furundarena. Oria ibaian ito zen, errotaren inguruan, 1846ko abuztuan. Aizarnazabalgoa zen Antonio.

1890eko erroldaren arabera, Gregorio Asteasuinzarra Roteta bizi zen Errotaberrin. 49 urte zituen orduan, eta bera izan zen azken errotaria. 1895 inguruan Gregorio Oiartzuna joan zen, Karrika auzoko Arraskueerrota erosita, han ere errotari moduan bizitzera.

Aginagako Komunitateko dokumentu baten arabera, 1896an errota bota, eta zentral elektriko bat eraiki zen. Aipatutako komunitatearena jarraitzen zuen izaten, baina Arozena enpresa elektrikoak ustiatzen zuen. Zentrala, abandonatua, erori egin zen. Orain dela urte gutxi, eraikuntza zaharra bota, eta etxebizitza bakarreko etxe berri bat eraiki dute.

Baserriaren lotutako argazkiak: