Zubietako erriberetako erdialdean dago Etxetxo. Etxeberriaga, Irurubieta, Oianguren eta Artzabaletaren artean. Gaur egungo eraikuntzak ez du sorrera garaiko elementurik, erre egin baitzen 1952an.
Etxetxo baserriaren hainbat aipamen ezagutzen dira: dakigunez, 1633 eta 1640 bitartean Alonso de Aizpurua maizter egon zen Etxetxon. Horixe agertzen da 1663an gertatutako auzi batean. Etxearen jabea Juanes de Chipito zen garai hartan. Juanes de Celaya bizitu zen maizter, 1646 eta 1652 artean, eta ondoren Juanes de Astasuainçarra, 1652 eta 1657 artean.
Beste erreferentzia bat 1663koa da; “Casa de Echecho” ageri da idatzita. Jabea Maria de Chipito zen, eta baserrian bizi zen maizterra Juan de Abalia deitzen zen. Amiria, Camioa eta Echechoa deitutako baserriek Zubietamendiko larre eta basoetan beren ganaduak bazkatzeko eskubidea eskatzen zuten, baina ukatu egin zitzaien, ez baitziren etxe herri-sortzaileak eta ez zuten auzotasunik Zubietan. Auzi horretan agertzen denez, garai hartan, gaur ez bezela Etxetxo Donostiako dermioari zegokion. 1680 inguruan, Etxetxo Zubietako Komunitateak erosi zuen, eta maizterrak bizitzen jarri ziren. Ondoren, Komunitateak Aizpurua oinetxeko jabeari Aizpuruko errotaren erdiaren truke eman zion Etxetxo.
Baserrian, maizter, Aizpurua familiako kideak bizitu ziren; geroago, Salsamendi familia zubietarra. Bertan bi anaia ezkongabe bizi ziren: Joxe Mari eta Ignazio. Bazuten arreba bat kalera ezkondua, Donostiako Gros auzoan: Dolores Salsamendi. Doloresen semea, Antonio Lizarralde Salsamendi, Etxetxora maiz etortzen zen, oso gustoko baitzuen baserriko lana. Joxe Mari eta Ignazio osabek, zahartu zirenean, Antoniori eman zioten etxea. Ordurako, baserria Aizpuruari erosia zioten. Antonio gazteak baserriko bizimoduan jardun zuen, eta hamar abelburu izatera heldu zen. Josefa Iturrioz Araetako alabarekin ezkondu zen, bera da gaur Etxetxoko amona. Etxetxon nagusi gazteak bizi dira orain, Joxe Manuel Lizarralde eta bere emazte Maria Asuncion Iraola, Adunako Ulanberro baserriko alaba. Bi seme-alabekin eta amona Josefarekin bizi dira baserrian. 50-55 esne-behi eta zenbait bigantxa dituzte. Lore mindegi berriak jarri dituzte orain, etxetik gertu. Inguru honetako baserri tradizional eredugarrienetakoa da Etxetxo. Garai batean, Etxetxon ere, inguruko beste baserrietan bezala, bazen sagardotegia, eta jakina, bolatokia ere bai.
Baserriaren lotutako argazkiak: