Galardigaraikoa


Galardigaraikoa baserria Galardiazpikotik hegomendebalera, errepide nagusiaren ondoan dago.

1890ean “Galardiberri” izenarekin aipatzen da. Seguru asko, eraiki zenetik urte gutxi ziren pasata oraindik. “Galardizar” izenarekin ere ezaguna da baserri hau. 1851 eta 1853 artean, Usurbildik Zarautzerako errepidea egin ondoren, eraiki zen seguru asko etxe hau.

Manterola familiaren ondorengoak bizi dira etxe honetan. Joxe Juan Manterola Iruretagoiena edo bere senitartekoak, Aiatik etorri ziren, XIX. mendearen azken laurdenean. Joxe Juan Galardigoikoan jarri zen bizitzen.

Ogibidez, hargina zen, eta Donostiako Antiguako tunela egiten lanean ari zela ezagutu zuen bere emaztea izango zena, Ignazia Gomez Zabala; alegia, Ibaetako Urreztigarai baserriko alaba, Iñaxi egunero handik pasatzen baitzen astoarekin Bretxarako bidean… Ezkondu, eta Galardigaraikoan jarri ziren bizitzen. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Leona, Segunda, Paula, Tiburtzio, Juan, Beronika, Joakin, Jazinta eta Bixitazion, bi azkenak bikiak.

Garai haietan, Galardigaraikoa taberna zen. Txokoalderako bide berria egin zutenean, Manterolatarrek etxe berria eraiki zuten bidegurutze berrian, beren etxearenak ziren lursailetan. Biona deitzen da etxea, eta bertan Manterola sendiak angula mintegia dauka.

Gaur, Jazinta bere familiarekin bizi da Galardigaraikoan, eta baserri lan tradizionala jarraitzen dute egiten bertako nagusiak diren Patxi Usarralde Laskibarrek -Andoaingo Sasingo semea- eta bertako alaba den Arantxa Aranzadi Manterolak, bere emazteak. Hiru seme-alaba dituzte. Lehen, hiruzpalau buru egon izan dira etxe honetan. Gaur, berriz, txerriak hazten dituzte, eta astoa ere badute.

Baserriaren lotutako argazkiak: