Dirudienez, Gomentzaneaundiko jabegoetan sortu zen, seguru asko, XIX. mendean. 1864ko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan, “Gomenzanea” baserri bakarra zen, baina bi etxe zeuden bere lurretan.
Arrillaga familia bizi da baserri honetan. Gomentzanetxikiko edo Erreroaneko semea den Antonio Arrillagak kontatzen du bi anaiak Ameriketan indiano gisan diru pixka bat egin, eta baserri zaharra konpontzen edo berria eraikitzen hasi zirela. Gaixo gelditu ziren, ordea, bi Arrillaga anaiak, eta beste anaia bat ekarri zuten Aiatik, Antonio Arillagaren aitona, alegia. Antonio honek lau seme-alaba izan zituen: Migel, Andres, Maria eta Kaximira. Migel zaharrena gelditu zen maiorazko, Andres ezkongabe bizitu zen beti baserrian, eta Maria eta Kaximira moja joan ziren. Aginagako Borda edo Lasaogaraikoa baserriko Maria Muruarekin ezkondu zen Migel, eta lau seme-alaba izan: Joxe, Iñaxio, Antonio, eta “aingerutxo” hil zen beste bat. Migel errementaria edo “erreroa” zen lanbidez. Horrela hartu zuen “Erreroanea” izengoitia etxe honek. Lehen, Gomentzanetxikin sei bat abelburu izaten zituzten. Gaur, Antoniok jarraitzen du baserriko jardueran; hiru buru eta 15 bat ardi ditu bazterrak garbi edukitzeko. Antonio, ohiturari jarraituz, ostegunero Hernaniko ferira joaten da, eta lehen, Tolosara ere joaten zen astelehenetan.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- Baserritar Kofradi bilera Ezpaldiberrin: 1-. Joakin Zaldua (Sariaaundi). 2-. Juan Zubiria (Arrillaga). 3-.Antonio Arrillaga (Gomentzanetxiki). 4-. Remigio Salsamendi (Arburu). 5-.Karmelo Aizpurua (Isostegi). 6-.Illunbeko semea. 7-. Joxe Lizaso (Tellegindegi).
- 1934.Arburuko baserri atarian:Goitik behera eta ezkerretik eskubira: Nikolas Balerdi “Txortxi” (Urdairaaundi). Joxeanton Zubeldia (Iarbebekoa).Praxku Bidasoro (Eguzkitza).Joxe Salsamendi (Arburu). Inazio Arrillaga (Gomentzanetxiki). Esteban Bengoetxea (Aintziazar). Joxe Arrillaga (Gomentzanetxiki).Antonio Zaldua (Sariaaundi). Esteban Zubeldia (Iarbebekoa). Bittori Pagola maixtra (Irigointxozar). Joxe Antonio Segurola (Fermiñenea).Joakin Zaldua (Sariaaundi). Joxe Mari Lizaso (Tellegindegi).Manuel Sarasua (Orioko Luxarbekoa).Juan Zubiria (Arrillagatxiki). Pedro Bengoetxea (Aintziazar). Bautista Bengoetxea (Aintziazar). Domingo Segurola (Fermiñenea). Jesus Bidasoro (Eguzkitza). Migel Esnal (Arrillagatxiki). Juan Olasagasti (Aintziberri). Praxku Bengoetxea (Aintziazar).
- Gomentzanetxiki.
- Gomentzanetxiki.