Iartza


Kalezarretik Ibarrola baserrietara eta Donostiara doan herribide zaharraren eskuinetara aurkitzen da. Gaur egungo Iartza baserria XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran egin zen, lehen zegoen beste etxe zahar baten oinarrietan.

Iartza ahaide nagusien dorrea Beasainen dago, baina bada Iartza izeneko beste oinetxe bat Urnietako Goiburu bailaran. Domingo de Lizaso historialariak XVIII. mendearen bukaeran aipatzen du. Litekeena da Usurbilgo Iartza etxea, eta aipatu ditugun Iartzatarrak oinetxe hauen ondorengoak izatea.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean, “Yarza” izeneko oinetxea aipatzen du, Elizalden kokatua.

Bestalde, abizen honetako pertsonen erreferentzia ugari dago antzinako agirietan. Domingo de Yarça, esaterako, 1560an jaioa zela badakigu, eta 80 urterekin hil zela Usurbilen, 1640an.

1600ean jaio zen Miguel de Aizpurua Ygarza, lekuko gisa agertzen da epaiketa batean, 1680an.

1615ean, Joseph eta Nicolas de Yarça San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

Berriz ere, 1642an, Joseph de Yarza aipatzen da Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta hiru dukat eman zituelako erregearentzat. 1643an, Nicolas de Yarza Usurbilgo ordezkari edo prokuradorea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Joseph de Igartzak eta Alonso de Yarzak, 1674an lekuko gisa deklaratu zuten Usurbilen, zenbait epaiketatan.

1686an berriz, Joseph, Usurbilgo ordezkari izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Nicolas de Yarza y Aizpuruak, gobernadore eta Santiagoko Ordeneko Zaldunak, 1689an kaparetasuna frogatu zuen Usurbilen. Maria Luisa de Arespacochagarekin ezkonduta zegoen. Urnietan eta Elgetan zuen auzotasuna 1700ean.

Josepha de Yarza, azkenik, 1703an Usurbilen jaio zen, eta Francisco de Egurcegui bertako apaizarekin bizi zen. Bi haur izan zituen berarekin.

Juan Mari Berreiarzarena zen Iartza baserria, beti izan zen bertako nagusi. Bestalde, Usurbilgo zinegotzi ere izan zen 1915ean. Ez zen ezkondu.

Iartza baserrian, Joxe Izagirre Usaskuetxikiko semea zegoen morroi. Neskamea ere bazuten, Martina. Joxe morroia, Anttoni Ibargoien Altzagako Ola-rriondozarreko alabarekin ezkondu zen, eta Juan Mari Berreiarza nagusiaren onespenarekin jarri ziren Iartzan bizitzen. Juan Mari nagusiak asko estimatzen zituen Anttoni eta bere senarra Joxe, eta Igartza beraiei utzi zien. Juan Mari oso gizon zintzoa, isila eta leiala zen, eta oso oroitzapen ona utzi zuen Iartzan. Joxek eta Anttonik bost seme-alaba izan zituzten. Juan Mari seme gazteenak orain gutxi arte jarraitu du baserri lanetan. Zazpi edo zortzi larre behi zituzten, baina 2000 urtean kendu egin zituzten.

Baserriaren lotutako argazkiak: