Ibarrolaaundi


Aranerreka eta Zaldierreka artean, gain lau-zabala eta ageri batean daude Ibarrolaaundi, Ibarrolatxiki eta Buenabista baserriak. Antzina, Ibarrolaaundi bakarrik zegoen leku honetan. Etxe bikaina da, XVI. mendean egina. Gaur egun, eraiki zen garaiko neurriak eta egitura ia osoa mantentzen ditu, Usurbilen gaur dauden beste hauek bezala: Zubietako Aliri, Aginagako Sariaaundi eta Kalezarreko Bizkarra.

Planta laukizuzena, bi solairu eta ganbara ditu; bi ur-isuritako teilatua, mendebaleko eta iparraldeko fatxadak manposteriaz eginak, hegoaldera duen aurrealdeak (hau da fatxada nagusiak), zurezko egitura du, eta habe eta solibo tarteak manposteriaz beteak. Ekialdeko fatxada harlanduz eta manposteriaz egina dago lehenengo solairuraino, hortik gora zura eta manposteriaz. Barruko egitura zurezkoa da osorik, hamaika haberen gainean altxatua.

Habeen artean gaur oraindik mantentzen da etxe honek zeukan XVI. mendeko dolare zaharraren egitura. Asentxio Arruti zenaren alaba Juanak dio etxeko dolare zaharra erabiltzen ezagutu zuela bere aitak.

Ibarrolaaundik erdiko sua zuen etxeko amona den Maria Matista Aburruza andreak ziurtatzen duenez.

Arruti familia bizi da Ibarrolaaundin, eta baserri honetan bizi den hamargarren belaunaldia da. Lehen jabe zirenak XIX. mendearen erdi aldean Andoaina joan ziren, dirudienez. Arrutitarrak berriz, Aiatik etorri ziren eta maizter bizitu ziren, 1923an Axentxio Arruti eta bere emazteak Mikaela Iparragirrek erosi zuten baserria.

Hamar-hamabi abelburu izaten zituzten baserri honetan. Donostiako San Martin plazan zuten postura egunero joaten ziren esnea eta tratuarekin. Hara joateko, astoan jaisten ziren Maskolaitzeko errekaraino, han Igarako autobusa hartzen zuten.

Ibarrolaaundiko familiak 1968an utzi zuen San Martingo plazako saltokia. Behiak, berriz, 1972an kendu zituzten.

Usurbilgo lehenengoetako etxea da Ibarrolaundi. Herriaren fundazioan, XIV. mendean, etxe herri-sortzailea da eta Usurbil hiribilduko fundatzaileen artean nabarmena izan zen.

1442an eta 1499an, Usurbilen egindako lehenengo erroldan, Sancho de Ibarrola izena aipatzen da.

1562an, Julian Romero Ibarrola, Ibarrola oinetxeko ondorengoa, Milanen hil zela badakigu, Flandrian gerran ibili ondoren. Santiagoko Zalduna zen.

1628an, Francisco de Eraustieta Ibarrola zen Ibarrola “oinetxe zaharreko” (Domingo de Lizasok dioenez) jabea. Emaztea Mariana de Ibarrola zuen, Urdaiagako Illunbeko alaba. Beren alaba bat (Maria de Eraustieta Ibarrola) Zubietako Aliriko maiorazkoarekin ezkondu zen aipatutako urte hartan.

1639an. Maria de Ibarrola amandre gisa agertzen da Zubietako Irigoiengo jabeen, Juanes de Zatarain eta Maria Rosa de Aizpurua Echevesteren Geronimo semearen bataioan.

1642an, Joanes de Eraustieta Ibarrolak hiru dukat eman zituen erregearentzat Gipuzkoako Batzar Batzar Nagusiak aginduta.

1674an eta 1681ean Usurbilen eta Zubietan egin zen auzi batean Juanes de Ibarrola agertzen da lekuko gisa. Bere abizeneko oinetxearen jabea zen Usurbilen, 1609an jaioa.

1691an, Martin de Ibarrola aipatzen da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari gisa.

1723an, Martin de Reizak, Ibarrolako ondorengoak, kaparetasuna frogatzen du Zestoan.

1758an, Pedro de Ibarrolak kaparetasuna frogatzen du Usurbilen.

Baserriaren lotutako argazkiak: