Igartzazabal


San Estebango elizatik hegomendebalera, Erroizpeko zuloa eta errekaren ondoko gain batean dago Igartzazabal. Baserria saroe edo sarobe baten ertzean aurkitzen da. Berea du saroe hori, eta etxe ataritik zaintzen ditu horren soro eta belardiak.

Planta errektangularreko eraikuntza da; lau hormak harri eta manposteriaz eginak ditu. Iparraldeko ertza harlanduz egina dago, eta ekialdeko aurrealdeak, hau da, fatxada nagusiak, zurezko bilbapena dauka. XVIII. mendeko eraikuntza polita da. Hala ere, barruan baditu XVII. mendekoak diren aztarnak. Aitzmurgil eta bi Puela baserriak bezalaxe, Igartzazabal ere artzain familiarentzat egindako etxea da. Azken hamarkada hauetan, Igartzazabal da artzaintza jarduerari eutsi dion bakarretakoa. Beti izan dira artalde handiak Igartzazabalen (Iratzazabal izenarekin ere azaltzen da dokumentu zaharretan).

Aginagako Komunitatearen partaide izan da beti. Antzinakoak dira etxe honen erreferentziak: Luis Murugarren historialariak dagoeneko 1539an aipatzen du “Irazazabal” Aginagako baserria. 1573an Gracia de Irigoyen eta Jorge de Celayandia ziren jabeak. Lope Martinez de Isastik ere aipatzen du, Urdaiagako “Iratcezabal” izeneko oinetxea, 1625ean. Geroago, 1669an Juanes de Ondaldagorri aginagarra aipatzen da “Irazazabal” etxeko jabe.

Manuel Lekuonak dioenez, Aginagako Komunitateak zentsu edo mantenu-pentsio bat ordaintzen zuen Lasarteko Brigiden komentuarentzat. Horretarako ondarea aitortzen zuen Komunitate honek, eta 1767ko aitorpenean diote “Irazazabal” baserria bere lursail guztiekin erosteko zirela ondorengo urteetan.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, “Igarzazabal” izenarekin ezagutzen da baserri hau. 1920an, Urdaiagatorrea Anbrosio Zatarainena zen. Baina Iribar familia bizi da bertan XIX. mendearen bigarren erditik aurrera. Hamabi senide ziren Iribartarrak, aspaldi Zizurkilgo Pagamendi baserritik Usurbila etorri zirenean. Narzisa Iribar Gorostiaga Igartzazabalen jaio zen 1915ean. Joxe Iribar eta Ana Josefa Gorostiaga zituen gurasoak. Asteasuko Urkidizar baserriko Frantzisko Goenaga Urangarekin ezkondu zen Narzisa, eta bost seme-alaba izan zituzten. Anaia zaharrena, Juanito, baserrian bizi zen ezkongabea, eta Maria Dolores alaba etxera ezkondu zen. Beste hiru anai-arrebak kalera joan ziren bizitzera. Maria Dolores Bedaioko Gurbillaundiko Santos Jauregi Iriarterekin ezkondu zen. Santos artzaina zen lanbidez. Mendeetan zehar artzainek egin duten bidea jarraituz, Santos Usurbila etorri zen, eta Igartzazabalen ezkondu. Orain, bera da bertako nagusia. Jauregi-Goenagatarrak maizterrak izan dira 1990 arte, urte horretan erosi baitzioten baserria Urdaiagatorreko Anbrosio Zataraini.

Ardiez gainera, lehen 8-12 behi zituzten, baita idi parea ere.

Baserriaren lotutako argazkiak: