Irigoindegi


Iruindegi” esanda ezagutzen den baserrri hau Txokoaldeko erdigunean dago, Portu eta Errementaldegi baserrien ondoan kokatua. Baserri-eraikuntza zaharra da Irigoindegi, XVI. mendean egina seguru asko. Oraindik orain, ganbaran mantentzen ditu aipatutako garai hartako bi gapirio handi. Planta errektangularra (17,8 x 12,80 metro) du, eta lau hormak harri eta manposteriaz eginak daude. Hegoaldeko fatxadan dituen zur bilbapenak mortairuz eta karez estaliak daude. Antzinean, aipatu aurrealde hau izan zen fatxada nagusia. Bi solairu, ganbara eta bi ur-isuritako teilatua dauka.

Irigoindegi antzinako baserria denez, aspaldikoak dira etxe honen erreferentziak. Luis Murugarrenek aipatzen duen Usurbilen egindako aurreneko erroldan, 1499an, “Miguel de Yoquin” delako jaun bat agertzen da. Baliteke etxe honetako semea izatea.

1566an, Martin Arano de Celayandia jaunak auzotasuna zuen Donostian. Aginagako “Iguindequi” etxean jaioa zela dio Juan Carlos de Guerra historialariak bere “Ensayo de un padrón histórico” liburuan. Urdaiagako Irigoindegi etxea zen etxe hori, dirudienez. 1573an Maria Joan de Arrillaga zen “Igogandegui” etxeko jabea. Lope Martinez de Isastik, bestalde, “Yoguindegui” izeneko oinetxea aipatzen du Urdaiagan. Antza denez, Irigoindegi baserriaz ari zen. Geroago, 1752an ere aipatua da, Luis Mari Mujikak oraingoan, Usurbilgo toponimoen zerrendan.

Aginagako Komunitateko partaide izan da beti, eta komunitate honetako jabetza-eskrituretan, Gabriel Arrillaga jauna “poseedor del caserío Irigoindegui” agertzen da. Urte hartan, hau da 1920an, aipatutako komunitateko zinpekoa zen.

Egun, Irigoindegin Ibarguren-Arrillaga familia bizi da. Etxearen eskrituretan ikus daiteke, 1883an, Gabriel Arrillagak erosi zuela baserria, 7.500 pezeta ordainduz. Ordu arte, jabeak Logroñoko Narciso Jiménez Lozano, Miguel Mínguez Calleja eta Pablo Moral Jiménez izan ziren.

Ramon Arrillaga Zugasti semeak 36 urte zituen, Gabrielek etxea erosi zuenean. Lartzandietako alaba zen Teresa Illarramendi Atxegarekin ezkondu zen, eta Irigoindegin bizitzen jarri ziren. Beren biloba batek, Angelak, hartu zuen oinordekotza. Hau Txomin Ibarguren Saizarreko semearekin ezkondu zen. Txomin orain dela 28 urte hila da, Angela berriz 2004ko otsailean hil zen.

Irigoindegiko ukuiluan hiru behi eta hiru txekor izaten ziren lehen. Gaur, behi bakarra mantentzen dute.

Baserriaren lotutako argazkiak: