Joxelontxonea


Manterola familiarena zen Joxelontxonea baserria. Lurrak ibaiaren beste aldean zituen, Liputzal aldean: hamar golde. Aginaga aldean, berriz, etxea bakarrik dago.

XIX. mendearen erdi aldean, Liputzalgo erriberak Orreagako monastegiarenak ziren, eta Aginaga eta Usurbilgo baserritarrek erabiltzen zituzten. 1864an Liputzalgo erriberen erabileragatik errenta ordaintzen zutenen artean, beste batzuen artean, Sebastian Manterola dago.

Joxelontxoneak hormaz horma etxe txiki bat zuen, Artutxaenea edo Ezpaldiberri deitzen zena. Muruatarrak bizi ziren bertan maizter. Familia honetako aita zena Joxe Juan Murua, Borda edo Lasaogaraikoa deitzen zen baserrian jaioa zen. Bere seme Iñaxio, berriz, Ezpaldiberrin jaio zen.

Joxelontxonea eta Artutxaenea Manterola familiarenak ziren. Joxe Lontxo Manterola zen bi etxeen jabe, Kandido Manterolaren aitona. Beraz, baserriak bere izena hartu zuen. Joxe Lontxoren aurrekoak Mapil ontziolako langile zurginak izanak ziren. Bera ere arotza zen, eta Pasaian lan egiten zuen. Joxe Lontxok Mapilgo alaba bat hartu zuen emazte, Ignazia Maioz, eta lau seme-alaba hazi. Eusebio, zaharrena, gelditu zen maiorazko, eta Lertxundi baserrikoa zen Trinidad Begiristainekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Haietatik zaharrena Kandido zen, eta bera gelditu zen etxean. Morroiak izaten zituzten baserrian. Horietako azkenetakoak, Kandido Manterolak dioenez, Luix Iragorri eta Tomas asteasuarra izan ziren. Lau edo bost behi izaten ziren Joxelontxonean, baita idi parea ere. Baserri txikia zen. 1940 aldean, familia Urruzmendira joan zen bizitzera, eta Joxelontxonera Ikuza familia sartu zen maizter. 1989an Kandidok Joxelontxonea eta Artutxaenea saldu egin zituen. Erosleak bi baserriak bota egin zituen, eta honela desagertu ziren bi etxe zaharrak. Ibaiaren beste aldeko lurrak ere saldu egin zituen Kandidok. Gaur, Urruzmendin bizi da, eta bertan jarraitzen du bere haziendekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: