Kalea


Kalea izeneko baserria Zubietako Santiago elizatik hurbil dago, Erreboteko plazaren ondoan. Donostiari dagokion antzinako baserria da, seguru asko XVI. mendean eraikia, baina gaur ez du garai hartako arrastorik ageri. Lope Martinez de Isastik, 1625eko Compendio Historial de Guipúzcoan egin zuen Usurbilgo oinetxeen zerrendan, “Calea” izeneko oinetxea aipatzen du, “Baracezar” eta “Alsua” etxeen artean.

Bada etxe honen izenaren aipamen are zaharragorik: 1775eko dokumentu batean agertzen da 1540an “Casas de la Calle” deitzen zitzaiola etxe honi (bi etxe izango ziren seguru asko). Jabeak Maese de Verridi eta Margarita de Verridi ziren. 1566an, Bartolome Cale deitutako jaun bat Donostian jaioa zela eta bertako auzotasuna zuela badakigu. Era berean, XVI. mendearen erdialdean, Maria Perez de Cale aipatzen da Donostian, zeinaren senarra Amador de Alcega zen.

Kalea baserria, Lasarte sendiaren oinetxea izan da antzinatik dirudienez, eta familia hau izan da etxearen jabe. Orain dela urte gutxi, Kalea saldu zuena Donostiako Mariano Lasarte izan zen. Baserri honez gainera, Lasarte familiak berea zuen Tellerikoa baserria ere.

Lasarte izenarekin bi leinu dira: bata, Lasarteko dorrekoa eta oinetxekoa, eta bestea, Lasarteko Goenkaleko Lasartegaraikoa oinetxekoa. Bi sendien notiziak ugari dira XV. mendetik aurrera.

Joxe Ramon Zubimendik Zubieta, mila urteko herria liburuan erakusten duenez, hainbat aldiz ageri dira Lasartetarrak Zubietako Komunitateko batzarkide gisa: 1599an, Pedro de Lasarte izena aipatzen da. 1615ean, Domingo de Lasarte San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatu zen. 1663, 1666, 1673 eta 1679 urteetan Martin de Lasarte da batzarkide, eta 1666an zinpeko zen. 1689an 1703an eta 1705an Francisco de Lasarte, seguru asko Martinen semea, zinpeko buru da. 1721ean, Joseph de Lasarte izena ageri da; eta 1724an, izen bera berriz agertzen da, “dueño de la casa de Calea” gisa. Urte horretan, eta 1741ean ere bai, Joseph de Lasarte hau Zubietako zinpeko buru edo alkatea zen.

Dakigunez, 1869an, Pedro Maria Lasarte zen baserriaren jabea.

Baserri hau Zubietako Komunitateko partaide izan da beti, akzio laurdenarekin. Iparragirre familia bizi da aspalditik, lehen Kalea baserrian maizter, eta bera da gaur baserriaren jabeak, Lasarte familiari etxea erosi ondoren.

Antonio Iparragirre, Kaleko semea, eta gaurko nagusiaren aita, Ixabel Alkorta Etxeberriagako alabarekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten, eta haietatik, Joxe Frantzisko semea gelditu zen maiorazko; bera da gaurko nagusia. Baserri lanean aritzen da. Joxe Frantziskoren arreba zaharrena, Miren, Aginagako Sariagoikoetxea baserrira ezkondu zen; beste arreba bat berriz, Mirari, Donostiako Lugaritz auzoko Unanuezar baserrira ezkondu zen.

Orain dela urte batzuk, Kalean 13-14 abelburu zituzten. Jarduera handiko baserria zen, baserri lanera osorik emana. Esne eta barazki asko ekoizten zuen. Iurritaren autobusean, Bretxako merkatura esnea eta barazkiak saltzera joaten ziren Kalekoak, egunero; Gurelesa esne-zentrala eratu, eta hori baserrietako esnea biltzen hasi zen arte, 1959an. Orduan, baserriko produktuak Bretxara eramateari utzi, eta esnea esne-zentralari ematen hasi ziren. Gaur jarraitzen dute lauzpabost behirekin, egunero zentralari esnea ematen.

Baserriaren lotutako argazkiak: