Lartzandietaaundi


Txokoaldetik hegoaldera, eta San Esteban ermitatik mendebalera, gain zabal eta laua den paraje eder batean dago Lartzandieta. Usurbildik Aiara zihoan oinezko bide zaharra baserri honetatik pasatzen zen, baina gaur galdua da. Baserriak planta errektangularra, bi solairu eta bi ur-isuritako teilatua ditu. Hormak manposteriaz eginak daude, eta harlanduak ditu lau ertzetan. Hegoekialdera begira dagoen aurrealde nagusiak zurezko egitura dauka, bilbapen polit eta erregularrarekin. Aipatutako fatxada nagusian eta lehenengo solairuan, zurezko lau leiho ditu; zurezko balkoi bat ere badauka. Barrua ere guztia zurezkoa da; lau haritzen egurren gainean altxatzen da. Habe hauek, solibo, beso eta kapirioen euskarriak dira. Kalitate oneko egitura da.

Lartzandieta XVII. mendeko eraikuntza da, eta ia osorik eta aldaketarik gabe mantentzen da gaur egun. Etxe honen lehenengo erreferentziak 1665ekoak dira, Luis Murugarrenek dioenez.

Elizaldeko Saroe jauregiko jabegoa zen. Ignacio de Soroa kapitainak 1689an sortu zuen maiorazko iraunkorrean edo lokarrian Soroa zela jabea aipatzen da. 1911n, Saroeko ondarea zatitu egin zen, eta Lartzandieta Luisa Lopez de Samaniego anderari egokitu zitzaion. Honek Urdaiagatorreko Anbrosio Zataraini saldu zion 1930 inguruan.

1920ko erroldaren arabera, baserrian Antonio Zapirain eta Ignazia Iribar bizi ziren lau semerekin.

1988an, baserrian maizter bizi zen Huegun-Zapirain familiak erosi zuen, eta gaur, jabeak Mariano Huegun eta bere emaztea Maria Zapirain dira. Maria Lartzaindietako alaba da, eta senarra, berriz, Aiako Olaskoagagoikoa baserrian jaioa. Trenbidean lan egin zuen, eta gero Michelinen sartu zen lanera. Lartzandietako ukuiluak txikiak direnez, abere gutxi izan da bertan. Garai batean, bospasei abelburu izaten ziren; gaur, aldiz, zortzi larre behi dituzte, batez ere baserri inguruak garbi mantentzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: