Ezpaldi baserrietatik hegoaldera aurkitzen da errepide nagusiaren ondoan. Baserri hau “Perrocenea”, “Perocenea”, “Perucenea” eta “Peru Urruzena” izenekin agertzen da dokumentuetan. Seguru asko, “Perusqui”, “Peruco”, “Peruste”, “Perus”, “Perucho”, “Perusa” edo “Periza” pertsona deitura zaharretatik datorkio “Perutzenea” edo “Perusenea” izena.
Historian zehar izen honen hainbat aipamen daude:
1642an “Peru Urruzena” deitutako etxeak dukat bat eman zuen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusien aginduz. Bestalde, Miguel de Arrillaga Perrucenea izenekoak 1750ean kaparedun zela frogatu zuen Usurbilen. 1830ean, etxea “Perocenea” izenarekin agertzen da aipatua.
Perretzenea Aginagako Komunitateko partaide da.
Raimundo Azpiroz izan zen hemen bizitu zen azkena, izan ere, egun ez da Perretzenean inor bizi. Gaur, etxe hutsaren inguruan etxe berriak daude. Azpiroztarrak ziren etxe honetakoak, Aiako Santioerrekako Olatxo baserritik etorriak. Josefa Antonia Azpiroz alaba Eizaazpiko seme zen Asentxio Alsua jaunarekin ezkondu zen. Josefa Antoniak beste lau senide zituen, eta bere anaia zaharrena, Martzelino, gelditu zen Perretzenean. Honen emaztea Bittori Illarramendi zen, Txokoaldeko Simonenezarko alaba, eta hiru seme-alaba hazi zituzten: Raimundo, Martzelina eta Iñaxi. Perretzenean bi morroi izaten ziren eta hainbat behi. Alabaina, gehienbat anguletara dedikatu ziren, baserri lana utziz. Jeronimo Izagirre Oiarzabal, Raimundo Azpiroz eta Santiago Otamendi hiru bazkidek, anguletara dedikatzen zen elkarte bat zeukaten, “Irurak Bat” deitua.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1957 Aginaga. 1-.Anbrosio Izagirre. 2-.A. Mari Otamendi (Perretzenea). 3-. Juan Manterola (Galardi). 4-. Jabier Bereziartua (Mutiozabal). 5-.Teodoro Azurmendi (Naigenduena). 6-. Joakin Atxega (Mutiozabal).
- 1943. Eizaazpiko Alsua familia: 1-.Asentxio Alsua 1901an Eizaazpin jaioa. 2- Josefa Antonia Azpiroz 1900an Perretzenean jaioa.
- Mendizorrotz inguruan. 1-. Isabel Pagola. (Irigointxozar). 2-. Manoli Ikuza (Joxelontxonea). 3-. Marisol Otamendi (Perretzenea). 4-. Maria Pilar Alsua (Eizaazpi). 5-. Maria Pilar Bereziartua (Urruzmendi).
- Perretzenea.
- 1965. Uriberriberri eta Perretzenea.Argazkikoa: Benito Aranburu (Arpidegi).
- 1942. Manuel Joxe Azpiroz bere seme alabekin: Perretzeneakoa zen eta Gomeztegin bizitu zen.