Puelazar


Andatzako gainaren iparmendebaleko mendi-bizkar altu batean, Puelaberri baino beherago, Puelazar baserriko horma eroriak daude. Iparraldean, azpialdean, Urteaga baserriaren basoak daude, ekialdean, Amirierreka, eta azkenik, mendebalean, Igartzazabal baserria dago.

XVII. mendearen bukaerarako (1689), Puelazar eraikia zegoen. Dirudienez, Saroe jauregiko lokarrikoak ziren lurretan egin zen baserria. Gaur ere, aipatutako jauregiko ondorengoena izaten jarraitzen du. Puelazarrean beti artzain-familia maizterrak bizitu ziren.

Joxe Ramon Zubimendiren “Zubieta mila urteko herria” liburuko “Zubietako Herri Artxibo Historikoa”ren testuetan, 1704an Zubietan izan zen auzi bateko lekuko gisa, Sebastian de Lopetegui izeneko bat agertzen da. Baliarrainen jaioa zen, herri hartako Lopetegi oinetxeko semea. Lopetegik deklaratu zuenez, 42 urteko artzaina zen eta, lau urte zeramatzan Puelazarrean maizter. Lehenago Sorabillako beste baserri batean izana zen.

1864eko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan aipatzen da “Puelaviejo” izeneko baserria, udaletxetik 3.100 metrora.

Fermin Arregi artzaina Puelazarrera maizter etorri zen Bergaratik. Ferminen seme bat, Ignazio Mari Arregi Aranburu, Puelazarren jaio zen 1884an, eta 19 urte zituela Zubietako Zuasti baserrira joan zen.

Zubietara joan zen Juana izeneko beste alaba bat ere, Etxenagusira. Baserri horretako Joxe Angel Mendizabal Gorrotxategirekin ezkondu zen.

Arregi familiak alde egin eta gero, Joxe Mari Izagirre eta Maria Malkorra zizurkildarrak bizitu ziren Puelazarren. Haiekin batera bizi zen ezkongabea zen ahizpa Maria ere. Seme bat ere bazuten. Baserri honek belardi zabalak zituen, eta arto eta babarrun asko ereiten zen. Hiru edo lau abelburu izaten ziren ukuiluan.

1955 eta 1960 inguruan, Puelazarreko familia Lasartera joan zen bizitzera, eta baserria, hutsik, erori egin zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: