Soroa


Aginagako erdigunean, San Frantzisko eliza eta Daldagorri baserriaren artean dago. Gaurko eraikuntza 1965ean egin zen, baina zenbait daturen arabera, lehen hemen zegoen baserri zaharra XVI. mendekoa zen, Etxebeste baserriaren parekotasun handia zuena. Aginagako Komunitateko partaide da.

Lope Martinez de Isastik, 1625ean ez du aipatzen Soroa oinetxea.

Soroa leinu eta abizenaren oinetxea da Aginagako baserri hau. Etxe honetakoak zituen arbasoak Galardiko maiorazko eta jabe zen Martin Pérez de Soroa-Galardik; haren seme bat, Juan de Soroa, 1621ean, Elizaldeko Saroe oinetxera ezkondu zen hango alaba maiorazkarekin. Handik aurrera, Soroa-Saroe deitu zen jauregia.

Badira, izen honen antzinako aipamen ugari:

Aginagako Domingo de Soroa 1493an aipatzen da Miguel de A´chegaren aurkako auzi batean.

Miguel de Soroa 1499an aipatzen da, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

1573an Cristobal de Arrillaga zen jabea.

Bestalde, 1586an, Domingo de Soroa y Berridi eta Zubietako Domingo de Irigoyen y Echenagusia artean liskar bat izan zutela badakigu.

1615ean, Martin eta Gracia de Soroa San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

Baserri honek Sariaaundi eta Lertxundirekin batera, Aginagako laborantza lur handienetakoak ditu.

Soroako semea zen Dionisio Maioz, eta beste hiru arreba bazituen. Modesta Aginagako Etxeberri baserrira ezkondu zen, bertako maiorazkoa zen Joxe Antonio Bereziartuarekin. Pantxika bigarren arreba, Txokoaldeko Irigoindegi baserrira ezkondu zen, Gregorio Arrillaga etxeko nagusiarekin. Hirugarrena, berriz, Juliana, Zarautza joan zen. Dionisio, Soroako maiorazkoa, Txokoaldeko Simonenezarko Simona Illarramendirekin ezkondu zen, eta hamar seme-alaba izan zituzten. Haurtxo bat hil zitzaien “aingerutxo”. Beste seme-alabak Romana, Joxe Manuel, Modesta, Juliana, Agapita, Victoria, Pedro Mari, Tomas eta Amantxi dira. Joxe Manuel maiorazko gisa gelditu zen etxean, eta Juanita Urrestarazu Billabonako Belate baserriko alabarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten. Soroan Maioz familia maizter bizi zela Joxe Manuelek baserria erosi zuen. Juan Maria Olazabal eta bere emazte Soledad Altube ziren jabeak, eta Gernikan bizi ziren. Hara joaten ziren urtero Soroako maizterrak errenta ordaintzera abendu guztietako bukaera aldean. Hogeita hamar bat buru zituen Soroak, idi parea eta morroia, baina 1965 inguruan behiak kendu zituzten. 1936ko gerratean, Soroan hainbat jende babestu zen, oriotarrak, Donostiako San Bartolomeko mojak… jan eta lo sapaian, ganbaran, tranpailuan eta ahal zen lekuan egiten zuten.

Baserriaren lotutako argazkiak: