Sañarrienea


Santuenea auzunetik iparraldera, mendipean eta erribera ondoan dago. 1960 hamarkadan erori egin zen, eta ondoren, baserriaren zati bat bakarrik eraiki zen. XVII. mendeko aztarna batzuk mantentzen ditu gaur. Sañarrienea XVI. mendean sortutako etxea da dirudienez. Etxearen ondoan, kostaldeko trenaren tunel bat mendian barneratzen da.

Izen asko esaten zaizkio etxe honi, hala nola, Sañarrenea, Zamabarrene, Zainarenea, Sein-erreka, edo Zeinharriena. Azken izen hau da jabetza-eskrituretan azaltzen dena.

Idatzi zaharretan, “Echeverria” izenarekin azaltzen da gehienetan. Lope Martinez de Isastik ere honela izendatzen du, alegia, “Echeverria”, 1625eko “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburuan.

Sañarrienea Atxegako leinuaren jabegoa izan zen beti. 1765ean, urtero 528 erreal ordaindu behar zizkien nagusiei. San Millango markesen ondorengoa zen Luciano de Porcel y Guiriorek saldu egin zuen 1947an, 45.000 pezetaren truke. Ordu arte maizter bizitu ziren Martin Sagardia Berridi eta Juana Manterola senar-emazteek erosi zuten. Hauen aurretik, Mateo Sagardia Artikulatxikiko semea, Sañarrienera ezkondu zen XIX. mendeko erdialdean lehenago. Joxe Martin Sagardia bizitua zen, izan ere, Sagardia familia XIX. mendetik aurrera Sañarrienean bizi zen. 1980 arte bizitu ziren bertan. Baserri indartsua zen, 24 edo 25 abelburu izaten omen zituzten.

Manuel, Romana, Antonio, Karmen, Joxe, Juana eta Martina izan ziren Martin eta Juanaren seme-alabak. Joxe Sagardia semea gelditu zen etxean, eta beste senideek alde egin zuten etxetik. Manuel semea, 1907an jaioa, oso gizon maitatua izan zen Usurbilen, gizon eredugarri, abertzale eta euskaltzalea baitzen.

Geroago, ordurako ia hondakinetan zegoen etxea saldu egin zuten, eta lehen zazpi edo zortzi hektareako lurra zena zatitu egin zen. 1988tik Sañarrienea Ana Maria Arostegi Usabiagarena, Luis Tello Garciaren alargunarena, da. 2.500 metro karratuko lur saila duen baserrian Tello-Arostegi familia donostiarra bizi da.

Baserriaren lotutako argazkiak: