Txokolatenea


Itxaskueko gainaren azpialdean dago Txokolatenea izeneko baserria, Zaldierreka aldera begira, hegi batean.

Benita Etxeberria etxekoandreak dio Txokolatenea izengoitia dela. Baserriaren berezko izena Zatarain-Etxeberri da. Horrela agertzen omen da jabetza-eskrituretan. Benitak kontatzen du egun batez auzolanera joan behar zutela etxekoek, herribidea konpontzera, baina berandu joan ziren, eta galdetu omen zieten: “nolaz etorri zarete berandu?”. Zatarain-Etxeberrikoek erantzun zuten aitzakia gisa: “Txokolatea edaten egon gara”. Eta, hortik, Txokolatenea izengoitia hartu zuen baserriak. Dena dela, Julian Azpiroz Usurbilgo erretore izandakoak zioen etxe honen izen zaharra “Nobleza” zela.

Korta familia bizi da baserri honetan. Txokolateneko aitona zena, Joxe Kruz Korta Zatarain deitzen zen. Donostiarra zen, Urbieta kalekoa, kaletar peto-petoa, eta Txokolatenera ekarri zuten mutikoa zela, osaben etxera. Baserriko bi osabak mutilzaharrak ziren. Jatorriz aiarra zen familia hura. Donostiako Antiguako Zatarain familia ezagunaren ahaideak ziren.

Joxe Kruz etxeko nagusi gelditu zen, eta Asteasuko Gorua baserriko alaba zen Felisa Otegi Aranbururekin ezkondu zen. Asteasun izan ziren ezteiak, eta Txokolatenean jarri ziren bizitzen. Hamar seme-alaba izan zituzten, eta etxerako laugarren semea gelditu zen, Joxe Mari. Beste guztiak kalera joan ziren ezkonduta. Joxe Mari, Benita Etxeberria Etxanizekin ezkondu zen. Benita Aizarnazabalgo Kontzejuetxeko alaba da. 1952an, Lezoko Santo Kristo basilikan ezkondu, eta zortzi seme-alabaren gurasoak izan ziren. Gaur, Benita, alarguna, bizi da baserri zaharrean. XIX. mendeko eraikuntza da. Ondoan, familiak etxe berria egin du, eta bertan bizi dira seme-alabak.

Orain dela 35 urte arte, Txokolatenean lauzpabost behi izaten zituzten, eta apopiloa ere bai. Gaur, 20 ardi dituzte bazterrak garbi edukitzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: