Urruzmendi


Urruzmendi baserria, Aginagako erriberen erdialdean, errepide nagusiaren ondoan dago. Planta errektangularra, hormak harri eta manposteriaz eginak, hiru solairu eta ganbara ditu. Teilatua bi ur-isurikoa da. Hegoaldeko fatxada nagusi handiak zurezko bilbapen simetriko politak ditu. Hauen tarteak adreilu zeramikoz itxita daude. Barruko egiturak osorik zurezkoak zituen bere osotasunean. 1998an, hormigoizko egiturek ordezkatu zituzten, baserriaren bi bizitzetako batean (mendebalekoan).

Aginagako Komunitateko partaidea da.

Urruzmendi XVI. mendean eraiki zuten; garai hartakoa da baserri honek mantentzen duen iparraldeko hormatzarra. XVII. mendean zabaldu eta beste solairu bat altxatu zuten.

Etxe honi buruzko aipamenak aspaldikoak dira:

1499an, Martico de Urizmendi aipatzen da Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

1573an, Catalina de Soroeta zen “Urrizmendi” etxeko jabea.

1601ean, Maria Perez de Urrizmendi oinetxe honetako alaba, Elizaldeko Saroeko Domingo Irigoyen maiorazkoarekin ezkondu zen.

1615ean, Juanes de Urrizmendi San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatua izan zen.

1625ean, Lope Martinez de Isastik Aginagan lekutzen du “Urrizmendi” izeneko oinetxea.

1642an, Baltasar de Urrizmendi izena aipatzen da, erregearentzat dukat bat ordaindu zuela eta, “donativo graçiosso” gisa.

1663an, Baltasar de Urrezmendi Zubietako Kamio baserriko jabe gisa agertzen da. Aipatu baserri honek auzotasun eskubidea zuela eta, Zubietako Komunitatean sartzea eskatu zuen. Auzi luze bat izan zen horren inguruan, baina Kamio baserriak galdu egin zuen auzi hura. 1674an berriro agertzen da beste auzi batean lekuko gisa, 80 urte zituela. Beraz, 1594an jaioa zela badakigu, antza denez Aginagako Mitxelkonea etxean. Maria de Petriarça zuen ama.

1701ean, Joseph de Urrizmendi, 1631an jaioa, lekuko gisa agertzen da Zubietan izandako auzi batean.

Diego de Urrizmendi, Urruzmendi oinetxeko ondorengoa, Usurbilgo eskribau (udaleko idazkaria) izan zen 1666 eta 1713 artean. Zubietako Komunitateko eskribau ere izan zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere Usurbilgo ordezkari -prokuradore- izan zen 1681, 1682, 1685, 1688, 1693, 1694, 1697 eta 1699 urteetan.

Badirudi XIX. mendean bi familia maizter bizitu zirela bertan, baina erdibitze fisikorik gabe. Urruzmendiko Kandido Manterola jaunak gurasoei entzuna zien Manuel Arrillaga zela jabea, eta 1910ean baserri osoa Zataraini saldu ziola 40.000 pezetatan.

1920an, bada, Anbrosio Zatarain zen jabea.

Modesto Bereziartua Zubiria Urruzmendiko semea zen, 1904an jaioa. Emaztea Dominika Zubizarreta Iriondo zuen, Azpeitiko Aratzerrekakokoa, eta izan zituzten seme-alabak hauek dira: Maria Pilar, Mari Karmen, Begoña (11 egunekin aingerutxoa hildakoa), Joxe Mari, Joxe Manuel, Justa, Joxe Luis, Maria Jexus eta Itziar. Etxean alabarik gazteena gelditu zen, Itziar etxekoandrea, Altzagako Abalibarrena baserriko semea den Luis Esnaola Egia jaunarekin ezkondua. Modesto eta Dominika gurasoak bizi zirela 10-12 buru egoten ziren etxe honetan. Baratzegintza ere asko lantzen zuten. 1988an kendu zituzten behiak, eta gaur baratzea lantzen jarraitzen dute. Esnaola-Bereziartua familiak etxea erosia dio lehengo nagusia zen Zatarain familiari. Etxea bai, baina zegozkion lurrak ez zizkieten saldu.

Baserriaren beste aldeak Zatarain familiarena izaten jarraitzen du. 1910 inguruan, Bereziartua abizena zuten bi mutilzahar bizi ziren hemen. 1940 inguruan, berriz, Eusebio Manterola etorri zen bere familiarekin hona bizitzera Joxelontxoneatik.

Kandidok, Eusebio Manterola eta Trinidad Begiristainen semeak, hamar abelburu zaintzen ditu Urruzmendiko etxeordean duen ukuiluan. Gaur egun, behientzako belarra garraiatzeko, mandoa erabiltzen du karroarekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: