Urteta


Urteta baserria Usurbilgo Goialdean, Artxubietagaineko ospel aldean dago, Igeldoko mugatik hurbil, Bilbo-Behobia autobidearen inguruan. Leku malkartsuan dago, mendi hegiaren leku lau txiki bat aprobetxatuta. Planta errektangularreko etxea da. Lau hormak harri eta manposteriaz eginak ditu eta hauen tarteak, horma guztiak bezala, manposteriaz itxita daude. Ekialdeko fatxadari erantsia, etxe-orde bat dauka. Etxe-ordea baserriarekin batera (XVIII. mendearen bukaeran) egin zen, dolarea jartzeko. Beraz, zurezko hiru ardatzeko dolare hau aipatutako mendekoa da. Dolareak mantentzen ditu zorua, zubia eta egituraren zatirik handienak, hiru zurezko ardatzak desagertu badira ere. Gaur, dolare honen teilatua eroria da, eta ia hondakin bihurtuta dago.

Luis Maria Mutiloa Poza geografo eta historialariak “Roncesvalles en Guipúzcoa” liburuan aipatzen ditu “Orteta” eta “Urteta” toponimoak, 1784ean, beste leku izen batzuen artean. Garai hartan, inguru hauek guztiak basoak ziren, hariztiak bereziki, eta haietatik ateratzen zen, Irisasitik bezala, Mapilleko ontziolan itsasontziak egiteko egurra. 1864an, “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan “Urteeta” izeneko baserria aipatzen da. Udaletxetik 4000 metrora zegoen.

Urtetara bizitzera Joxe Joakin Alkorta, Aiatik, eta Antonia Saizar, Orexatik, etorri ziren. Beren alaba Joxepa Antoni, Baldazarreko Joxe Domingo Zinkunegirekin ezkondu zen. Haien semea Pedro Mari Zinkunegi Alkorta gelditu zen baserrian. Pedro Mari Zinkunegiren emaztea, Maria Bengoetxea Esnal, Aintziazarko alaba, 1999an hil zen. Lau seme-alaba izan dituzte. Gaur ez dute behirik, baina 14 abelburu izaten zituzten. Maria Antiguara joan ohi zen esnea eta tratuarekin. Hasiera batean mandoarekin joaten zen, gero zaldi-karroarekin. Gauzak horrela, 1964an, Pedro Marik gidatzeko baimena atera zuen, eta ordutik aurrera furgonetarekin ibili ziren. Gaur egun 30-40 ahuntz, beste hainbeste ardi eta arrautzetarako 200 oilo daude Urteta baserrian. 37 hektare lursail dituzte.

Zinkunegitarrak maizterrak dira; Laffite Donostiako familiarena da baserria. Egun ere, errenta Santo Tomas egunean, abenduaren 21ean, ordaintzen dute, “Laffitetarren etxera joaten gara ordaintzera”. 1995 arte, urtero eramaten zioten Santo Tomasetan nagusiari, errentarekin batera, bi kapoi eta sutarako egurra.

Garai batean, 100 karga sagar ateratzen ziren urtero Urtetatik. Gehienbat Igeldora eramaten zuten, Kalonjerengana. Sagarra erdibana zen nagusiarekin, 50 karga baserriko maizterrarentzat eta 50 nagusiarentzat. Autobidea eraiki zutenean, sagastiak betiko galdu ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: