Ugarte


Kalezarreko erdigunetik hurbil, iparraldera, Kaleberrira doan bidearen ondoan dago. Antzinako oinetxea da. Ziurtatu ezin dugun arren, XIV. mendean Usurbilgo hiribildua sortu zenean, hiri berri hartako sortzaileen artean egongo zen, beraz, Usurbilgo etxe herri-sortzaileetako bat litzateke. Gaurko baserriaren eraikuntza XVIII. mendekoa da. Geroago berreraikia izan zen. Etxearen hego-ekialdeko aurrealde edo fatxada aipagarria izan ezik, ez du mantentzen jatorrizko egitura zaharrik.

Ugarte izenaren lehenengo aipamena Lope Martinez de Isastirena da, 1625ean aipatzen baitu Elizalden dagoen Ugarte oinetxea.

1642an Ugarte etxeak Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, “donativo graçiosso” deitzen zioten zerga edo diru emaitza gisa, bi dukat eman zituen erregearentzat.

Luis Murugarren historialariak ere, Ugarteren beste aipamen bat egiten du, 1644an.

XVIII mendearen erdialdean errementaldegi bat zegoen etxe honetan.

Joxe Domingo Etxeberria-Berreiarza, 1847an jaioa, zen antzinako nagusia. Nikanor Etxeberria-Berreiarza semeak, Luzia Larramendi Andoaingo alaba (Manuel Larramendi, idazle handiaren familiakoa) izan zuen emazte. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Maiorazko Nikanor gelditu zen Ugarten. Nikanor Etxeberria-Berreiarza, Maria Zaldua Urdanpilletarekin ezkondu zen. Zubietako Lertxundiko alaba zen Maria. Zazpi seme hazi zituzten Ugarte baserri ederrean. Maiorazkoaren usadioa segituz, Ramon gelditu zen baserriari jarraipena emateko. Ramon, Amantxi Maioz Illarramendirekin ezkondu zen. Aginagako Soroako alaba da Amantxi, eta zazpi seme-alabaren ama. Maria Jesus alaba bizi da gaur Ugarten.

Ugarte oso baserri oparoa izan zen 1950-1960 hamarkadan. 12-14 buru baziren etxe honetan, idi parea ere bai. 30 urte badira Ugartetik behiak kendu zituztela. Gainera, morroia eta neskamea izaten zituzten, etxeko haurrak txikiak ziren bitartean. Etxe honetan bizitu zen morroi Modesto Zabala, Enbilleneko semea, 19 urte zituenetik 82 urterekin baserri honetan bertan hil zen arte.

Ugarte baserriaren zati bat nagusiek maizterrei alokatzen zieten errentan. Honela bizitu zen Ugarten Aranerreka baserritik etorri zen Maiz familia.

Baserriaren lotutako argazkiak: