Zabalonea eta Txulonea


Zelaiaundiko errekatik gertu, trenbidea eta errepide nagusiaren artean daude. Antzina etxe bakarra osatzen zuten, Asteasuainzarra izenekoa. Bertan du sorrera Asteasuainzarra leinu eta abizenak. Lope Martinez de Isastik Asteasuainzarra oinetxearen aipamena egiten du 1625ean.

Luis Murugarrenek, Juan de Asteasuinzarra aipatzen du Usurbilen ezagutzen den lehendabiziko erroldan (1499).

Miguel de Asteasuainzarrak 1589an eta 1590ean Lasarteko San Pedro elizako kanpandorrearen sabaia egin zuen.

Baserri honen izenaren beste erreferentzia bat 1663an daukagu: Usurbilen bizi zen Martin de Asteasuainçarra, 1593an jaioa, lekuko gisa ageri da Zubietan auzi batean. Auzi berean, Hernanin bizi zen Juanes de Asteasuainçarra ere agertzen da, 1625ean jaioa. Seguru asko aita-semeak izango ziren.

1642an Asteasuainzarra etxeak, Gipuzkoako Batzar Nagusiak aginduta, lau dukat eman zituen erregearentzat. Zerga hau “donativo graçiosso” deitzen zen.

Bestalde, Esteban de Asteasuainçarra izenekoa, 1644an jaioa, 1704ko auzi batean lekukoa da. Aginagakoa zen.

1714an Juachin de Goia zen jabea.

Francisco Xavier de Asteasuainzarrak eta haren seme Pedro Lazarok kaparetasuna frogatu zuten Tolosan 1797an. Usurbilgoak zituzten arbasoak, beraz, Asteasuainzarra oinetxeko ondorengoak ziren.

Aspaldi galdu zen baserri zaharra, eta harekin batera Asteasuainzarra familia ere desagertu zen etxe honetatik. Dena dela, abizena ez da galdu: Usurbilen bertan, Aginagan eta Hernanin ere jarraitu zuen eta gaur ere jarraitzen du.

Aspalditik bi etxebizitzatan zatitua; alde bati Zabalonea deitzen zaio, eta besteari Txulonea. Usurbilen izen hauekin ezagutzen dira. Zabalonea, gainera, jabetza-eskrituretan agertzen den izena da. 1864ko Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa delakoan ere Zabalonea izena dauka etxe honek.

Litekeena da baserria XVIII. mendean zatitu izana, neurri ezberdinetako bi etxebizitzatan. Zabaloneak orubearen bi heren hartzen ditu gutxi gorabehera, Txuloneak berriz, beste herena. Aspalditik, alde bateko eta besteko jabeak ere ezberdinak dira. Zabalonearen jabea Lasarteko Urreta familia zen eta maizterrak Ibarguren-Izagirre familia. Txulonean, berriz, Donostiako Olasagasti familia zen jabea. Maizterrak Aburruza familia. Gaur, baserrian bizi diren familiek erosia dute. Gaurko eraikuntzak ez dauka XVI. edo XVII. mendeko elementurik, asko aldatu da urteetan zehar.

Txulonean Joxe Aburruza eta Jazinta Agirre senar-emazteak bizi ziren. Haien seme Joxe Aburruza Agirre, orain dela gutxi hila da. Aspaldi utzi zioten baserri lanari; behi bat edo bi izaten zituzten.

Ipar-ekialdeko aldean, Zabalonean, esan bezala, Ibarguren-Izagirre familia bizi da. Izagirretarrak dira, sortzez, baserri honetakoak. Ignazio Izagirre Zabaloneko semea zen, eta Mikaela Ignazia Karrerarekin ezkondu zen. Mikaela Andoaingo alaba zen. Lau seme-alaba izan zituzten, Joxe, Dionisia, Juanita eta Andres. Zaharrena, Joxe, etxerako gelditu zen. 1938an, Lezoko Santo Kristoren basilikan ezkondu zen Seberiana Iribarrekin. Kaparotzeko alaba zen Seberiana. Joxeren gurasoek bezala, lau seme-alaba izan zituzten: Gaur egun, Ignazia Izagirre, Joxe eta Seberianaren alaba bizi da baserrian bere senarra den Joxe Mari Ibargurenekin. Joxe Mari Zaldibiko Arruabarrena baserriko semea da.

Zabalonean 16-17 behi eta txekor baziren garai batean. Gaur egun, 40-45 ardi dituzte inguruak txukun mantentzeko, badute baratze eta artasoro eder bat ere, etxe aurrean, kostaldeko errepide nagusiaren ondoan.

Egunero, Seberiana etxekoandrea tratuarekin joaten zen Donostiako Bretxara. Lehenengo trenean, Txikierdin hartuta, eta ondoren, autobusean. Bere alaba Inaxik jarraitu du amaren bidea orain gutxi arte. Astean bi aldiz joaten zen plazara, astearte eta ostiralez. Zabalonekoek beti izan dute postua Bretxako merkatuan.

Zabalonean ez da izan morroirik, baina apopilo bat beti bizi izan da, 1995ean azkenak alde egin zuen arte.

Baserriaren lotutako argazkiak: