Aialdeneberri


Zorrotzeko zubitik hurbil, Santuenea auzunean hiru baserri daude elkarri erantsiak: Atxeganea, Aialdenezar eta Aialdeneberri. Aialdenezarrari iparraldetik erantsia dagoena da Aialdeneberri. Dena den, zenbait erregistrotan ez da izen honekin agertzen.

1892an, Axentxio Elustondok “Usurbil mendez-mende” liburuan, Aialde bi etxebizitzako etxea aipatzen du. Izan ere, Aialdenezar eta Atxeganea etxe bakarra izan ziren. Beharbada, hasiera batean Aialdeneberri, Zaharraren etxe-orde gisa erabiltzeko eraikia izan zen, eta geroago, bertan familia bizitzen jarri eta baserri bihurtu zen. Orain dela urte gutxi, guztiz eraberritu dute, eta etxebizitzaz gainera sagardotegi bat dago.

Aialdeneko nagusia, Irazu izenekoa Asteasuko Illobategi baserrira joan zen behin. Nonbait berea zuen, eta maizterra bisitatzera joan zen. Han mutil koskor bat ezagutu zuen, dirudienez Bizkai baserrikoa zena, eta huraxe gustatu. Gurasoekin hitz egingo zuela esan zion maizterrari, eta haiek nonbait baimena emanda gero, Asentxio Rekondo mutikoa Aialdenera etorri zen. Geroago, nagusiaren alabarekin ezkondu zen, eta bertan jarri ziren bizitzen. Geroztik, Asentxiok zenbait etxe eta baserri erosi zituen, hala nola, Usurbilgo Arrueneaberri eta Aginagako Ibindos. Geroago, Aialdenean maizterra utzi, eta familia Arrueneaberrira joan zen.

Eustakio Atxega eta Maria Beloki ziren maizter haiek. Maria Beloki Bidaniako Usarraga baserrikoa zen, eta Orioko Rekondotarren etxera etorri zen neskame. Elgoibarko Donato Irasuegirekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten. Senarra tifusarekin hil zen ordea, eta geroago Maria bigarren aldiz ezkondu zen, Eustakio Atxega Ikuzarekin, aginagatarra sortzez, eta lau seme-alaba izan zituzten. Joxe Luis semea Zabalera ezkondu zen, Juan Kruz eta Josefina kalera, eta azkenik, Juliana etxera, hau da, Aialdeneberrira. Gaur egun, Juliana etxe honetako amona da. Aiako Joxe Mari Lazkano Sarobezabalekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan. Beraiek erosi zuten Aialdeneberri. Behiak aspaldi kendu zituzten, 1944 aldean.

Maria Beloki emakume fina eta langilea zen, eta oso andre eskuzabala. Emagin lanean aritu zen urte luzeetan; horrela, Urdaiagako haur gehienak bere laguntzaz jaiotzen ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: