Aizpuruko errota


Aizpuruko errota Oria ibaiaren ertzean dago. Txikierdiko Babilonia baserria dauka aurrez aurre, ibaiaren beste aldean. Dirudienez, orain dela 100 bat urte, gutxi gorabehera erre egin zen, eta horregatik eraikuntzak ez du balio handirik.

1494koak dira etxe honen lehenengo aipamenak. Ordu arte, badakigu errota Aizpurua oinetxearena zela, eta urte hartan jabeak Zubietako Komunitateari saldu ziola errotaren jabegoaren erdia. 1597an, Joanes de Aizpuruak hartu zuen errota alokairuan urtebeterako. Izurrite bat izan zela eta, errotaren jarduera asko gutxitu zen, eta Aizpuruak ezin izan zuen alokairua ordaindu. Garai hartan, errotaria Joanes de Aliri zen; lehenago, berriz, Juan Lopez de Arrazubiaga. Martin de Ualde eta Domingo de Gilisasti ere bertako errotari izanak ziren.

1724an, Aizpuruko errota Zubietako Komunitateak eta Aizpurua etxeak erdibana zuten. Dirudienez, urte batzuk lehenago Zubietako Komunitatearena zen. Etxetxo baserria Aizpurua etxeari eman zitzaion errotaren erdiaren truke. Horrela Komunitatea bihurtu zen errotaren jabe bakar. Urte berean, Joaquin de Gaztelu, 1664an jaioa, Aizpuruko errota eta Aizpurua baserrian maizter zegoen.

Beti familia maizterrak bizi izan dira bertan. 1700ean eta ondoren, Fermin de Echeverria izenekoa bizi zen maizter. Garai hartan, 1704an, Zubietan izan zen auzi batean, lekuko batek dio Aizpuruko errotako maizterrak artaldea, behiak, zaldiak eta zerriak zituela errotan, eta horiek Komunitatearen lurretan bazkan aritzen zirela.

Errotak lau harri parerekin lan egiten zuen. Gipuzkoan zegoen errotarik onenetakoa zen Aizpurukoa, batez ere bere instalazioengatik. 1920 aldean egin zuen azkenetako ehotzea. Gero zerrategi bihurtu zuten, eta gaur jarduera horretan jarraitzen du.

Errota-etxearen jabea Azkoitiko Hurtado de Mendoza familia da. Seguru asko Komunitateak bere ondasun guztiak saldu zituenean, 1868 inguruan, erosiko zuen aipatutako familia horrek. Garai hartan, Hurtado de Mendoza familiarenak ziren ibaiaren beste aldeko Babilonia, Asteasuainerrota, Txikierdi eta Zapatari ere. Lehen, Donostia aldekoa zen, 1998tik Usurbili dagokio.

Baserriaren lotutako argazkiak: