Alamandegizar


Zubietako elizaren eta Alamandegiberriren parean dago baserri hau, Zubietako erdigunean. 1495ean, Iohan de Alamandegui agertzen da orduko salerosketa kontratu batean, etxe honen izenaren lehenengo aipamenean. Zubietako Komunitateko dokumentu bat da, Aizpuruarenak ziren bi erroten erdia erosteko kontratua hain zuzen. Alamandegizarri akzio laurden bat dagokio Komunitatean.

Luis Murugarren historialariak dioenez, Usurbilen dagoen lehenengo erroldan, 1499 urtekoan, Machin de Alamandegui azaltzen da.

Antzinako agirietan ugariak dira etxe honen aipamenak. 1561ean Domingo de Verrayarça zen etxearen jabea. Horrek etxea bere baratzekin hamar urterako alokatu zuen. Bederatzi dukat eta dukat heren bat zen Alamandegi etxearen urteko errenta. Juanes de Echeberria Berrayarza bizi zen 1615ean.

Etxe hau zubietarren elkartoki zela erakusten duten datu asko daude historian zehar. 1586ko maiatzaren 5ean, Zubietako Komunitatea “Alamandegi etxearen plazan” bildu zela badakigu, adibidez. 1599ko abuztuaren 22an ere zubietarrek batzarra egin zuten etxe honen ondoan: “A las espaldas de la cassa de Allimandegui, donde solemos y acostumbramos juntarnos, jurisdiçion de anbas dichas villas, en la calçada del camino real…” dio orduko idatziak. 1663an, bestalde, Alemandegui deitutako etxean bildu ziren zenbait zubietar, auzi bat erabakitzeko.

1704an, Fermin de Echeverriak alokatuta zituen Alamandegizar eta Aizpuruko errota. 1830ean, Jose Antonio Jauregui bizi zen maizter, 59 urte zituen. 1869an Modesto Aizpurua (Aizpuruko nagusia) zen jabea. Geroztik, Aizpurua etxekoa izaten jarraitzen du.

Bibiano Iturrioz, Errezilgo Irureaundi baserriko semea, jarri zen bizitzen 1920 aldera. Pantxika Amundarain zuen emaztea, Lazkaoetxeko alaba. Lazkaoetxe udalerriz Lazkaokoa, baina elizaz Zaldibikoa izanda, hantxe bataiatu zuten Pantxika. Alamandegin 8 seme-alaba izan zituzten. Felipa, Felix eta Arantxa baserrian gelditu ziren; beste guztiak kalera, Lasartera, Usurbila eta Zarautza joan ziren bizitzera. Arantxa, Lertxundiko Imanol Zalduarekin ezkondua, gaur Alamandegizarren bizi da beren bi alabarekin. Bertan bizi da Felix anaia ere. Beti mantendu dute baserriko jarduera, gaur 3-5 behi daude Alamandegizarreko ukuiluan. Garraioetarako astoa eta behorra erabiltzen dute, eta baratze polit txiki bat ere badute baserriaren ondoan

Baserriaren lotutako argazkiak: