Alperro


Kaparotz eta Atxegazar artean zegoen. Baserri ederra zen, dirudienez, XVII. mendekoa, planta handikoa. Aurrealdeak, harlandu, harri, mortairu, adreilu eta zura zituen. Barrutik zurezko egitura ona zuela dirudi.

Lehen aipatutako baserriak bezala, Atxegako ondorengoa zen Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior, Villalegre eta San Millango markesa zuen jabea Alperrok. Erriberetan hamabi goldeko lursail handiak zituen.

Martin Galarraga Landa Alperroko semea zen, eta aita Frantzisko Galarraga zuen. Zarauzko San Pelaioko Ixpilla baserriko alaba zen Kandida Murua Amilibiarekin ezkondu zen Martin, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Rita, Juana eta Frantzisko. Kandida ama hil egin zen, eta Martin bigarren aldiz ezkondu zen Kandidaren ahizparekin, Ritarekin. Ez zuten haurrik izan. 10-14 abelburu izaten zen etxe honetan. Lehenago idiak ere baziren. Morroia ere beti eduki zuten.

Juanak kontatzen du 11 urte zituenean Rita ama ordekoarekin San Martingo plazan zeukaten saltokira joaten zela.

Martinek jakin zuen baserria salgai jarri zutela, eta erosten ahalengindu zen. Tratua 11.000 durotan (55.000 pezeta alegia) egin zen. Nonbait, azpilana egin zuen norbaitek, eta Martinek ezin izan zuen baserria erosi, eta horrela, Azkoitiko Carasusanek bereganatu zuen. Nagusi zaharra bizitza guztian diru gosez ibiltzen zela, eta dirua kontatzen hil omen zela esaten da.

Frantzisko semea eta Martin aita denbora batean baserrian gelditu ziren, behiekin. Azkenean, Galarraga familiak baserria utzi egin behar izan zuen. Martin aitari batez ere, pena handia eman zion etxea uzteak, bizitza guztiko izerdiak alferrik…! Alperro, abandonaturik, 1980 aldera bota zuten. Gaur egun, Alperroko alaba Juanak eta bere senar Joxe Manuel Lertxundik txabola edo borda bat daukate abereekin eta bertan hazten dituzte txekor bat eta txerria, eta baratzeak landu. Baserri zaharraren oroitzapenez, Alperroberri deitzen da borda hau.

Baserriaren lotutako argazkiak: