Amiribea


Amiribea baserria Amirigoiaren aurrean dago, Oria ibaiaren ertzean, Santuenetik Zubietarako bidearen ezker aldean. Ondoan zegoen gaur desagertua den Amirizar. Ameri deitu ohi zaio.

Hasiera batean, Amiri Irurubieta oinetxearen lurretan eraiki zen borda edo etxeorde bat zen. Badirudi 1601 eta 1605 bitartean hasi zirela bertan bizitzen. 1663an agertzen da Borda de Amedia izena agiri batean idatzita, non borda honetako baserritarrek beren ganaduak Zubietamendin bazkatzeko eskubidea eskatzen zuten. Joanes de Celayandia zen garai hartan Irurubieta eta Amiriren jabea, eta Irurubietan bizi zen. Honela agertzen da aipatua auzi batean: “…dueño y poseedor de la casa solar de Yrurubieta , a que es accesoria la de Amiria… sitas en la jurisdicción de la villa de Usurbil.”

XVII. mendearen bukaeran, Amiri zatitu egin zuten Irurubieta baserriarekin batera. Hori ere Zubietako Komunitateak eta Josseph de Yrarreta Zubiaurrek erosi zuten. Bi jabegotan zatituta jarraitu du orain gutxi arte.

Baserriaren bi zatien jabeak Donostiako Barriola familia eta Irigoiengo Astiazaran ziren. Aspaldi, Amirizarrean Zalduatarrak bizi ziren, Aginagako Sariaaundiko Zalduatarren ahaideak. Martin Joxe Urroz Lizarraga Babiloniatik etorri zen Amirizarrera, eta Joakina Zaldua Ibargoien bertako alabarekin ezkondu. Joakina hamabost anai-arrebako familia handi bateko bostgarrena zen. Martin Joxe eta Joakinak bost seme izan zituzten. Garai hartan, Amirizar utzi eta Amiribea egin zuten, 1933an hain zuzen; izan ere, baserri zaharra beti uholdeak harrapatzen zuen, eta ezin zen bertan bizi. Gainera, urte batzuk lehenago erre ere egin zen dirudienez. Bixente semea gelditu zen etxean, Manuela Etxabe Oiangurengo alabarekin ezkonduta.

Bixente eta Manuelak hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Pilar, Antonio eta Juan Joxe. Amona Joakina eta bere erraina Manuela astoarekin joaten ziren Usurbilgo geltokira, etxeko produktuak saltzera eramateko. Lehenago, Joakina Donostiaraino joaten zen astoarekin, Zelaiaundi eta Urreztigoikoan barrena, egunero, esnea eta tratua eramatera, goizaldeko bostetan etxetik aterata.

Gaur, Telleria Urroz familia bizi da Amiribean. Maiorazka Maria Pilar Urroz gelditu zen, eta gaur bera da Amiribeko etxekoandrea. Joxe Ignazio Telleriarekin ezkondua dago, Tolosako semearekin. Joxe Ignaziok hilabete gutxi zituela, Artikulaaundira etorri zen bere familia, baserria erosita. Handik Amirira ezkondu zen. Maria Pilar eta Joxe Ignaziok bi seme dituzte, Joxe Kruz eta Joxe Ramon. Baserri lanean jarraitzen dute, 10-12 bururekin.

Baserriaren lotutako argazkiak: