Andrenagusi


Andrenagusi Itxaskue baserriaren etxeorde bat zen, hau da, bere jabetzakoa zen etxe bat. Itxaskuetik gertu dago, bere goialdean. Andrenagusi baserriaren izena izengoitia da. Gregori Sarasola etxekoandreak dioenez, etxe hau Goikoetxe deitzen zen, baina beste dokumentu batzuetan Etxeberri izenarekin azaltzen da. Izengoitia honako gertaeratik omen dator: egun batez, etxe azpian dagoen beheko soroan, goldean ari omen ziren etxeko anai-arrebak, eta Zaldierrekaren beste aldean dauden Ibarrola baserrietatik oihu egin omen zuten. Andrenagusiko andreak erantzun zien, eta Ibarrolakoek zera esan omen zuten: “Hara! Hor andrea zegok nagusi!”. Eta horrela gelditu omen zitzaion baserriari izengoitia.

XIX. mendearen bukaera aldean, Frantzisko Sarasola, Goiatz herriko semea, Itxaskuera etorri zen morroi. Garai hartan, Frantzisko jarri zen Andrenagusin maizter. Urtero joaten zen “nagusitegira” edo nagusi etxera, Itxaskuera, errenta ordaintzera. Gero, berak erosi zien Andrenagusi Itxaskueko nagusiei. Andoaingo Fakunda Britekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten, baina emaztea hil egin zen, eta Frantzisko bigarren aldiz ezkondu zen, Paula Aizpururekin. Paula errezildarra zen, eta bi alaba gehiago izan zituzten. Semerik zaharrena, Joxe, gelditu zen etxean. Olarriondoberri baserriko alaba batekin ezkondu zen, Maria Alzagarekin. Lau seme-alaba izan zituzten, eta bigarren semea, Frantzisko, gelditu zen etxean, ezkonduta.

Andrenagusin dozena-dozena erdi buru izaten zituzten, baita idi parea ere, baina ez da inoiz izan morroirik, etxe pobrea baitzen. 4,5 hektarea lur zituen. Andrenagusitik merkatura joateko Irubidera jaisten ziren astoan, Elorko pinudian barrena. Errekalden Tolosako tranbia hartu eta Antiguara joaten ziren. Hango plazan bazuten postu txiki bat baserriko produktuak saltzeko.

ndrenagusi zaharra orain dela gutxi bota dute, eta baserri berria eraikitzen ari dira orain.

Baserriaren lotutako argazkiak: