Arratzainberri, Usurbilgo Goialdean, Arratzainzarretik ekialdera dago, gain zabal eta lau batean.
Leizaolaenea izenarekin erregistratzen da zenbait dokumentutan, lehenagoko jabea Zubietako Barazar baserriko Leizaola familia baitzen.
Arratzainberri Arratzain etxe zaharreko banaketa bat da. “Arrazain” izeneko baserria 1864ko “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” zerrendan agertzen da, eta hiru etxe edo eraikuntzaz osatua zegoen. Horietako bat Arratzainberri dela dirudi.
Baserri-etxe txikia da Arratzainberri, planta errektangularrekoa, lau hormak harriz eta manposteriaz eginak, eta bi ur-isuritako teilatua dauka. Barruan, gutxi landutako egurrezko egitura batek osatzen du etxea. XIX. mendearen bukaeran egina da.
Olasagasti sendia bizi da bertan, aspalditik. Lehen maizterrak ziren, eta 1936ko gerraren ondoren, Frantzisko Leizaolari erosi zioten baserria orduko 22.000 pezetatan.
Joxe Juan Olasagasti eta Gregori Arana bere emaztea bizi ziren bertan. Gregori goierritarra zen. Bederatzi seme-alaba zituzten: Santos, Manuel, Polikarpo, Luix, Bixenta, Romana, Joxepa, Erramun eta Joxe. Santos zen maiorazkoa eta bera gelditu zen etxean. Azpeitiko Juana Uriondo Mezaderekin ezkondu zen. Zazpi urte zituela, Ibaetako Zuastieder baserrira ekarria zen Juana, gero bederatzi urterekin Errikoetxea baserrira joan zen, Zuastiederko Arruti familiarekin. Santos eta Juana senar-emazteek alaba bakarra izan zuten: Ramoni.
Juana, egunero, astoarekin joaten zen Langagorrira, Maskolaitz zokoan; astoa han lotu eta autobusean Donostiako Bretxako azokara. Baserri honetan sei edo bederatzi behi izaten ziren. 2001ean kendu zituzten azkeneko behiak.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- Ezkerretik eskubira: Joxepa Anttoni Larburu (Aitzondo), Ignazio Larburu (Aitzondo), Juana Iriondo, Santos Olasagasti (Arratzainberri) eta Joxepa Olasagasti (Arratzainberri)
- Arratzainberri.
- Arratzainberri.
- 1950.Arratzainberriko aiton amonak: Joxe Juan Olasagasti eta Gregori Arana.
- Arratzainberriko atarian: Joxe Juan Olasagasti.
- 1947. Juana Uriondo Mezade eta Santos Olasagasti Arana ezkon egunean.
- 1960. Ramona Olasagasti Arana (Arratzainberriko alaba) eta Frantzisko Irizar (Ibaetako Munoko semea).
- 1965. Florentina Goizueta (Goizuetako alaba) eta Polikardo Olasagasti (Arrantzainberriko semea).
- 1972. Ramoni Olasagasti Uriondo. Haurra Juan Luis Astiazaran.
- 1976. Joxe Olasagasti Arana.
- 1976. Haurra: Juan Luis Astiazaran eta bestea Joxe Olasagasti Arana.
- 1935. Igarako autobusa, Ondarretan: 1-.Arratzaingo Juana Inaxi Lizaso (Arratzainaundi). 2-. Maritxu Intxausti (Igeldoko Erauntzetatxiki). 3- Luisa Larburu (Benta). 4-. Gregori Arana (Arratzainberri). 5-. Igeldoko Ariztegietako Markesa. 6-. Maria Ariztegieta (Igeldoko Ariztegieta). 7-. Manuela (Igeldoko Tolaretxe). 8-. Maria Urruzmendi (Egiluzeaundi). 9-.Terexa Arruti (Ibarrolatxiki). 10-. Mikela Iparragirre (Ibarrolaaundi). 11-.Terexa (Igeldo). 12-. Maria Gomez (Ibaetako Urreztigoia). 13-. Joxe Heredero Pinela “Manzanares†Teodoro Herederoren Igeldoko eta Igarako beste baserritarrekin batera. Jose Heredero Usurbilgo maisua zenaren seme zen Teodoro eta 1936ko udazkenean faxistek fusilatua hil zen. Gertaera hori baino lehen, Herederok Arpidegietako Tomas Lizarazuri saldu zion Igarako linea, eta honek jarraitu zuen baserritarrak Donostiara eramaten. 14-. Ezezaguna. 15-. Rosario Artola (Egiluze). 16-.Agustina Loinaz (Ibaetako Perrene). 17-. Ezezaguna. 18-. Ezezaguna. 19-. Rorasrio Arruti (Ibarrolatxiki). 20-. Ramon Isasa (Igeldo).