Arretxe


Arretxe baserria Troiatik Oria ibaia aldera zegoen. 1913an bota zuten, trenbide eta errepide berriak egiteko. Geratu zitzaizkion lurrak, Txarako jabeak, Concepcion Zappino Samaniegoren alargunak, erosi zituen. Gaur Arretxekoak ziren lurretan hiru etxe daude: Bidegain, Bikuntza eta Bideazpi edo “Astotegia” izandakoa. Dirudienez, etxe honetaraino heltzen zen marea Orbeldiko presa egin baino lehenago.

1601ean “Echapar” edo “Echaparrena” izenez deitzen zaio; Luis Murugarren historialariak aipatzen ditu bi izen horiek. Urte hartan, etxe honetatik Asteasuain errotarako herri bidea konpondu zutela dakigu.

1642an, Batzar Nagusiek aginduta, dukat bat eman zuen Arretxe “etxearen erdiak” eta beste bat Txaparreneak. Behar bada, beraz, bi etxe ziren eta ez bakarra.

1689an Saroe Jauregiko Ignacio de Soroa kapitainak sortutako lokarrian Arretxea baserria agertzen da. Soroa zen etxe erdiaren jabe.

1741ean Arretxe baserriaren izena agertzen da Arroako herri bidea konpontzeko zubietarrek egin zuten eskaeran: “…Camino Real que hay desde el puente llamado Aliria hasta la Casa llamada Arrechea…” esaten da orduko agiri hartan. Joxe Ramon Zubimendik, “Zubieta mila urteko herria” liburuan azaltzen duenez, oso egoera txarrean zegoen bide hau, eta bertatik ezin izaten zituzten ez oinez ez zaldian defuntuak eraman.

Gaur, Txaparrenberriko jabeek, Iribar-Añorga familiak, berea du lur zati txiki bat Oria ibaiaren ondoan, Arretxe aurkitzen zen lekuan.

1830ean Pedro de Rezola izeneko bat bizi zen etxe honetan. Zubietan izan zen epaiketa batean aipatzen da lekuko gisa pertsona honen izena; 52 urte zituen. Garai haietan “Caseria de Champarrenea” izenarekin aipatzen da.

1877an Maria Martina Errasti Yurramendi eta bere senarra Martin Lartiga Urquiola usurbildarrak ziren jabeak. Etxea erosi egin zuten urte horretan. 1880an, orduko 5.000 pezetako mailegua, %6ko interesarekin, aurreko jabeekin hitzartua zutela eta, Jose Olloquiegui Lastivi donostiarrak hipoteka ordaintzen ez bada Arretxe beretzat izatea eskatzen du.

XX. mendearen hasieran Bidaor zen etxearen jabea. Txaparrenberriko Milagros Iribarrek entzuna dio Kandida Lizaso Bidaor bere amona zenari, bera gaztea zela Arretxen bizi izan zela bere ama Bixenta Bidaor Zeberiorekin eta bere senarra zen Domingo Lizaso Ibarbiarekin batera. Etxe honen nagusia Juan Bautista Bidaor Zeberio omen zen orduan, Kandidaren osaba. Trenbidea egiteko etxea kendu zietenean, alde egin behar izan zuen familiak; Txaparrenberri eraiki eta hara bizitzera aldatu ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: